Multzo batetik ale jakin batzuk hautatzeko edo bereizteko erabiltzen dugu Zumaian eta inguruan “aurkiak” (ahoz “aurkidxak” edo “aurkiyak”), gehienetan pluralean. Zestoan berdin esaten zaio, eta Zarautzen ere bai.
Hara nola azaltzen duen Txiliku idazleak Antigoaleko Hiztegian: Multzo batetik, aurrez jarritako irizpidearen arabera (handi, txiki, on, txar…), hautatzen den azpimultzoa adierazten da. Beraz, aurretik izenondoa edo adjektiboa doa eta ondoren aurkia(k): on aurkia, txar aurkiak, handi aurkia bildu, txiki aurkiak kendu, heldu aurkiak saltzera eraman, kaxkar aurkiak apartatu eta handi aurkiak jaso, txamar aurkiak sutarako utzi…
Hemen beste adibide batzuk, Orotariko Euskal Hiztegitik hartutakoak:
- Sagar-aleetan, haundi-aurkiak saltzeko eta txiki-aurkiak etxean jateko.
- On aurkiak batuta txitxapurrak itxi ta goazen etxera,
- Sukaldea garbitzeko denborarik ez daukat, eta haundi-aurkiak bakarrik kenduko ditut.
- Etxealdean izan ohi diran zeregin ugarietaik haundi aurkienak bukatuta utzi nahi ditu ordurako.
Garai batean izenen atzetik ere erabiltzen zen, “nagusiak” zein ziren bereizteko:
- Beasaingo handizki-arki eta Apaiz jaunak zekitelako Irizar-ekin maizterraren arteko auziaren berri.
- Orduan Buru-aurkiak Elizara joanda, Batzarrera berakin batean eraman zituzten begiramen guzian.