Korrika edo lasterka egiteari esaten diogu Zumaian “saltaka” egitea. Elgoibar, Getaria, Aizarnazabal eta Zarautz aldean ere erabiltzen da.
Zumaiako atletismo taldeak SALTAKA izena du, eta 2010eko hamarkadan euskara bultzatzeko antolatu ziren Zumaian saltaka izeneko ekimen batzuk ere.
Korrikalari edo lasterkari esateko “saltakalari” erabiltzen da, eta hemen dugu Baleike aldizkariko adibide bat, 1995eko azarokoa:
Egun hauetan saltakalari ugari ikus daiteke, gehienak ere Behobiatik Donostirako 20 km-ko lasterketa prestatzen.
Gari batean ohikoa zen “saltaka apustuak” jokatzea, bi saltakalariren artean, aizkoran edo harri-jasotzen bezala. Hemen adibide polita, Argia aldizkarian duela 1927an argitaratutako olerkia, “Zumaiar bat” ezizenarekin:
Eta gañera
oraingoan ere
saltaka apustu
ta pelotarik,
ostikoketa,
aizkora joku,
dantzari txiki
ta txirringarik.
Lasterketan edo bezala presaka ibiltzeari “saltaka apustuan” ibiltzea esaten diogu. Xabier Azkueren zutabe batean hau agertzen da, esaterako, 2001eko martxoan:
Batzuk dagoeneko hasiak dira mugitzen, korrika eta presaka, edo saltaka-apustuan, hemen esaten dugun bezala. Saltaka lehendik ere bagabiltzanok ez dugu hainbeste sufrituko lekukoaren atzetik, gainean baitaukagu Korrika, euskaltzaleok behintzat elkartuko gaituena.
Eta ikus ditzagun beste adibide batzuk, “Gure Zumai zarra” ataletik hartutakoak. Joxe Manuel Manterola, 2005eko martxoan:
Maixuak hartu zian makila eta gu saltaka batian bakoitza bere pupitrera!
Alizia Perez, 2008ko uztailean:
Katiatu da gure izeko eta erori da, maletak eta danak bueltaka beheraino jun zian eta ni atzetik saltaka nearrez: Izeko! Izeko! Hura paraerua!
Bixente Esteibar, 2004ko ekainean:
Amaiako plazan asto karrerak, zaku karrerak, neskak bakarrik ere bai zeinek saltaka gehixo egin.
Anjel Osa Añeza, 2006ko irailean:
Uda partian bazkaldu eta saltaka Zubitxikira! Ez gitxuan dijestioai beitzen.
Kontxita Uranga, 2009ko martxoan:
Orduan Karmelonetikan Iñakik-eta saltaka ihesi eite zien, jun Elorriagenea, eta Pollollok eiten zitun arto borobil hoixek atzeko aldetik junda harrapatu eiten zitien.
Abelin Linazisoro, 2009ko maiatzean:
Ta akordatzen nauk, letzen, gustoa eoten nitxala, baña barruan harra betiere, ziniena, baña zazpirak laurden gutxitan nobela laga ta saltaka zinea! Beti.
Ahotsak.eus gunekoak dira azken bi adibideak. Lehena Trini Bidasorok Itzurunen gizon bat salbatu zuenekoa:
Itsasertzian neon ta gizaseme bat apuruan, apuruan. Ta ikusi nunian, laga danak, patrikan nezkan txanpon danak galdu nitun, jun nitzan saltaka ta atea nun.
Bigarrena, Arritokieta Manterolarena, “trenadioska” (“tres navios”-ka) nola aritzen ziren azaltzen:
Bat zean jarri eta beste danok igesi ta itxietan sartzen giñan. Ta, "badator, badator!". Amak-eta´re orduan asko laguntzen ziguen jolasian, bai, ezkutatzen-ta. Itxe danak guriak zian! Harrapatzea. Eta ikusten baldin bagiñun, saltaka jun eta "bat, bi, hiru, lau!", izena esan eta lixto, danak inda. Haidxek zai bestiak harrapatu arte.