Lur mokorrak edo koskorrak birrintzeko erabiltzen den tresnari deitzen diogu Zumaian “zokor-mazoa” (ahoz “zokormazua”). Zurezkoa izan ohi da, eta kirten luzeduna. Ahotsak.eus gunean bilaketa eginez gero, ikusten da Gipuzkoan han eta hemen asko erabili dela izen hau. Inguruan jasota dago Zestoako, Azkoitiko eta Elgoibarko hiztegietan ere. Txiliku idazle zarauztarrak Antigoaleko hiztegian jaso bezala, jendeari ere askotan esan izan zaio hitz hau, izenondo edo adjektibo hauen pareko: traketsa, baldarra, artaburua, egoskorra…
Zumaiako adibideetara etorrita, hara Jexux Iruretagoiena Baxakarte-ren azalpena, Abelin Linazisorok 2006ko abenduan Baleike aldizkariko “Gure Zumai zarra” atalean elkarrizketatu zuenekoa:
Orduan areakin zokorra gainera atera eta alperrak zapaldu eiten zian, puskatu gabeko zokorra berriro sartu eta orduan mazoakin ibili behar izaten huan zokorra jotzen. Zokor-mazo izena hortik zetorrek. Zokor-mazoa egur biribil antzekoa huan, hari kertena jarri eta zirti-zarta lurra puskatzen hauts eiteko.
Baleike aldizkarian hitz hori musikari buruzko kronika batean erabili zuen Haize Galarragak 2006ko ekainean:
10.000 traste dituen bateria horren erraz menperatzeak harridura sortzen baitu. Ez du inongo arazorik abesti erdian makila bat besapean sartu, zokor-mazoa hartu eta bizkarrean duen gong erraldoiari zartakoa emateko.
Hurrengo adibide guztiak, berriz, Oikiari lotutakoak dira. Izan ere, aspalditik deitzen omen zaie “zokor-mazoak” oikiarrei. Hara Xabi Aizpuruak egindako aurkezpena, eskola txikiei buruz 2018an idatzitako testuan:
Oikiatik nator eta bertan ikasi nuen, eskola txikian. Txiki-txikitxikian. Handitzen-handitzen hasi ginen, ordea, burua soildu eta ideiak argitu arte. Orduan sentitzen nuenari orain hitzak jartzeko gai naiz. Gay ere banaizelako, baserritarra eta euskalduna izateaz gain. Beraz, hara, zokoratutako kolektiboak neure epi-dermisean metatuta. Zokormazo halakoa!
Oikiarrek asko erabili duten sinbolo edo irudia izan da, Ibon Aizpuruak hauxe idatzi zuen-eta duela 20 bat urte Baleiken:
Zokormazoa, izenak dioen bezala, lur zokorrak txikitzeko erabiltzen zen mazoa da. Zoritxarrez, egun ez da zokormazo asko ikusten inguruko baserrietan, ze ingo deu ba!! Hala ere, zutabe honetan saiatuko gara zokormazoaren espiritu txikitzaileari eusten...
Xabi eta Ibonen izeko da Arantxa Ugarte, eta gogoan du 1930ean oikiarrek Zarautzen irabazitako banderari buruzko bertso hau, izeko Joxepari ikasitakoa, sanbartolometan abesten zutena:
Rubio jaunak agindu digu
aurrera gizarajuak
Irabazi ditzagun hemengo
bandera ta premiyuak
Zumaya eta Zarautz ziraden
han gure kontrariyuak
Hayen aurretik etorri ziran
Oikiyako zokormazuak...
80 urte geroago, “balentria” hura antzeztu zuten Oikiako gazteek 2010ean, eta bitxia da bandera irabazi zutenei arkua egiteko zokor-mazoak erabili zituztela. Jokin Gijarro ageri da argazkian bandera bizkarrean hartuta, eta hara Jokinek 2013ko maiatzean Baleike aldizkarian eman zuen bertsoa, Bertsotan Jai saioan oikiarrek irabazi zutela kontatzeko:
Bertsio ta bertso jai
batzun pasioa
batean zein bestean
nahiko akzioa
hiru talde bertsotan
bazen sesioa
berriz Zokormazoek
demostrazioa
hau bai izan genula
repetizioa.