Zumaiako hitz bereziak: PAELA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2021ko mai. 21a, 09:05

Jakiak frijitzeko erabiltzen da gehienbat paela edo zartagina. (Argazkia: Gastronomia Vasca)

Sukaldeko lanekin lotutako hitz bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak eta oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Zartaginari (zartagia, sartaia…), deitzen diogu Zumaian “paela”. Antzeko izenak erabiltzen dira beste herri batzuetan: “padela” Tolosaldean eta Beterrin, eta “padera” Bidasoaldean. Lapurdin eta Nafarroa Beherean, berriz, gaztainak erretzeko danbolinari deitzen diote “padel” edo “fadera”. Bitxia da gaztelaniaz ere “paella” izena duela arroza prestatzeko ontziak; hau da, ontziak eman diola izena plater berezi horri.

Baleike aldizkarian topatu ditugu adibide batzuk. Beñat Fernandez de Arroiabek askotan erabili zuen errezetak idatzi zituenean. Hementxe, esaterako, 2001eko urrian (92. zenbakian) onddo salteatuak nola egin azaltzeko:

Jarri su ertainean paela. Bota olioa eta baratxuri txikituak. Gorritutakoan, bota onddoak, orritan moztuta eta utzi lau minutu.

Josefran Ispizuak zutabe baten izenburuan erabili zuen 2002ko azaroan (105. zenbakian):

Paelak lapikoari ipurbeltz!

Eta azken adibidea Ismael Manterolarena da, 1996ko irailean (27. zenbakian) Zumaiako ume kantei buruz idatzi zuenekoa:

Paela zaharra zaharra / hiru zolokua / amak emango dio / ipurtzulokoa

Izen honekin lotuta, TUNTUNPAELA erabiltzen da neska edo emakume inozo, ergel edo tentelari deitzeko. Zarautzen eta Zestoan ere bai, horren adibide Txiliku idazleak Antigoaleko hiztegian jasotakoa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide