Etxearen beheko solairuari deitzen diogu Zumaian “etxapea” (ahoz “etxapia”) edo “etxepea”. Esanahi bera du “etxabe” hitzak ere, abizen edo toki izen (Aizarnazabalgo auzoa) modura ezagunagoa den arren. Resurrección Maria Azkuek Zumaian eta Deban jaso zuen “etxape”, eta elkartzeko eta berriketan egiteko tokia zela azaldu zuen; hain zuzen, idatzi zuen “gezur-etxape” deitzen zitzaiela etxe azpi horietako batzuei, gaztelaniazko “mentidero” deitutakoei: toki irekiak, arkupeak, estalpeak…
Oñatiko artxiboan hipoteken berri emateko agirien artean ageri da Zumaiako “gezur etxape” horietako bat non zegoen 1840 inguruan:
…casa Arlabetacua sita en la calle publica de esta villa confinante por el norte con la casa llamada Barbaraenecua, por el poniente con la calle mayor, por el mediodía el cubierto llamado comunmente Mentidero y por el oriente con la calle llamada menor.
Mutrikuko Kalaputxi aldizkarian 167 zenbakian Josu Larrañagak artikulu polita landu zuen gezurtoki horiei buruz. Hemen zati batzuk:
Euskeraz, gizurtokixak edo gizurtegixak esaten zakue berriketa-tokixei. Hizketan gozela, tartian gizurrak ere esaten ditxugunez hara hor hitz politxa: gizurretxia! Erderaz ere berdin, mentidero (‘mentira’ hitzetik). (…) Urrixaren 17xan, Oñako Baroiak Udalari eskatu zion behera botatzeko “el caramanchón de Guezurechape”, eraikitzen zabillen etxia pixka bat ezkutatzen zoalako. (…)1781. urtian izen politx horren azken aitxamena topatu degu: “80 rs gastados en la obra de los asientos nuevos y reboque y blanqueo de Paredes en el Cobertizo que se dize Guezurechape”. R.M. Azkuek bere hiztegi ederrian (1905) “Gezur-etxape” hitza jaso zoan. Gezur-etxape (G-deb): mentidero. Ha desaparecido el cobertizo de la Atalaya así llamado en Deba”. Hitz generikotzat zaukan “gezur-etxape” abade lekeitxiarrak. Gezur+etxape hitzen arteko alkarketia. Etxe baten azpiko alderdi hutsari etxapia esaten zako, etxe+be (behe) > etxepe > etxape. Hala agertzen da Mutrikun 1781ian: “…el echape de Ubillacoa”. Deban, gaur egun ere ba ei do Gezur-etxape plazia.