Zumaiako hitz bereziak: ATXAMARTA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2021ko ira. 10a, 08:20

Juan Ramon LarraƱagak kontatu digunez, olagarroak harrapatzeko balio du atxamarta honek. Argazkia: Artzape aldizkaria

Arrantza kontuekin jarraituko dugu aste honetan. Proposamenak eta oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Karnata edo beitarik gabe, arrantzarako balio duen tresnari berezi bati deitzen diogu Zumaian “atxamarta”.  Azkuek bere hiztegirako Zumaian eta Donostian bildu zuen hitz hau, eta definitzeko dio lau bat amu elkarrekin gogor lotutako tresna dela, aingura itxurakoa, batez ere lazunak harrapatzeko erabiltzen zena. Gaztelaniaz pulpera, araña eta robador/robadera erabiltzen dira, besteak beste, atxamartari deitzeko; horrela arrantzatzeari “al robo” esaten diote.

Andres Alberdik, Getariako Artzape aldizkarian, kontatu zuen “antxamarta” esaten zaiola han, eta arrantzaleek lehorretik olagarroak, potxak eta antzeko itsaskiak harrapatzeko baliatzen zutela (Pello Iribar Sorazuren argibideak). Hala ere, bestelako erabilerak ere ematen zitzaizkion: kateetan zegoen txalupa arrimatzeko, txikotak hondotik ateratzeko eta etxeetan patiora eroritako arropak gora jasotzeko ere bai.

Bai Ondarroan, bai Hondarribian, orokorrean edozer tresna, tramankulu, gailu adierazteko balio du “atxamarta” hitzak. Ondarruberbetan guneko bi adibide:

- Erozeñepaño lena jakitteottuz orrek kontuk. Ontxe-be an dauke orrek atxamarta aldin  (Beste edonork baino lehenago jakiten ditu horrek kontuak. Orain ere horrek mugikorra aldean du).

- Ekatzu atxamarta kalenturi artubitt-eta (Ekar iezadazu termometroa sukarra hartu behar baitut).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide