Zumaiako hitz bereziak: TIRAIN

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2021ko urr. 22a, 08:15

Soka bat jartzen zuten garai batean Itzurunen, larrialdietan laguntzeko. (Argazkia: Ricardo Ascuncerena, Javier Carballok utzitakoa)

Hego haizearekin bare izan dugu itsasoa, baina susto ederrak ematen badaki aste honetako hitzak. Proposamenak eta oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Batez ere erresaka edo itsasoko korronteari deitzen diogu Zumaian “tiraina” (ahoz "tiraña"), baina erriokoa ere izan daiteke. Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, olatuari ere hala esaten diote beste toki askotan. Esate baterako, hara Aginaga. Errioko jarduerak eta bertako hiztegia liburuko azalpen hau:

Tiraiñ (tirain): Olatu: tirañak asko il dia Agiñan, da erriyua zikintzen ai da Oriyoko barran eskollerak in dittuelako. “Portu xarra” –Eustakio– bestiakin batea Mapillaño etorrita, zingiran eotezan tiraña ta korrenta aundiya zalako: Txokoaldea allatu, ta ala ezin geldittuik. Oaiñ ezto olako kuidoik! Earki baretu’ia baztarrak!

Zumaiako adibideei dagokienez, Joseba Garatek ahotsak.eus egitasmoko bideo batean azaldu zuen arriskutsuak zirela hondartzak, tirainagatik, itsasoak tira egiten zuelako. Trini Bidasorok, berriz, hauxe kontatu zion Abelin Linazisorori 2004ko irailean Baleike aldizkariko elkarrizketan:

Joxe Uribe atera nian. Jun bai, ederki jun huan aurrera, baina tiraña haundixa zeoan eta gero, zea, etorri ezin gizona. Toldo bat josten ari nintzala, halaxe, beiratu diat itsasora, beti itsasora beira natxaoan-ta, eta… batenbat gaxki zebilek! (…) Gure aittak poste bat soka batekin hondarretan sartuta eukitzeko ohitura zian.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide