Zumaiako hitz bereziak: BRANKA(D)A

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2021ko aza. 13a, 15:00

Itzurunen eskuinaldeko brankada ederki ikusten da itsasbeheran. (Argazkia: Luis Francisco Llavori, mapa toponimikotik)

Harraldeko kontuekin jarraituta, itsasoarekin lotutako beste hitz bat ekarri dugu aste honetan ere. Proposamenak eta oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Itsasora sartzen diren haitz lerro zuzenei esaten diegu Zumaian “brankada” (ahoz “brankaa”). Hiztegietan ez da ageri, eta beste herrietako adibiderik ere ez dugu topatu.  

Zumaia eta olagarroa liburuaz aritu ziren Baleike aldizkariaren 213. zenbakian, 2012ko irailean, eta hantxe topatu dugu adibide hau:

Klaudio Etxabe Pikote da gehien nabarmendu den olagarrozaleetako bat. Javier Carballok berak aitortu du, guztien artetik bat aukeratu beharko balu, Pikote esango lukeela. “Klaudiok, Ebaristok [Akebarro] eta beste fenomeno batzuek bezala, brankada bakoitzeko zulo guztiak ezagutzen zituen”.

Ahotsak.eus egitasmoaren barruan egindako elkarrizketa batean, Joseba Garatek 2:40 inguruan azaldu zigun Algorritik Sakoneta alderako dena brankada dela. Gauza bera Bixente Esteibarrek ere, 1:10 inguruan kontatzen du Pikoteazpi aldean  haitzik ez dagoela ia, dena brankada dela. Idatziz ere jasota ikusi dugu paraje horri buruzko azalpenenetan, Adolfo Uriartek kontatua 2011ko otsailean, Baleike aldizkariaren 196. zenbakian:

Gaur egun Algorritik Deba aldera ikus ditzakegun brankada horiek segida oso luzea dute ur azpian, eta, gainera, tarteka koska bat ageri da: garai batean hor amildegia egon zen seinale.

Inaxio Tolosak lehenago ere erabili zuen, 2001eko irailean, aldizkari beraren 89. zenbakian, Talaipe ingurukoa deskribatzeko:

Mari Plazatik aparte (lehen Kaleberria izena zuena) beste kokapen batzuk ere izango zuten kanoi hauek, Arbustaingo uhartetxoa (gaur arranpla dagoen lekuan) eta Aritza punta edo Kanoiaren punta bezala ere ezaguna izan zen brankada (gaur paol muturrean sartzeko dagoen burdinazko hesi horiaren azpian), lehen brankada honek muturra luzeago zuen eta errioaren aldera egiten zuen.

Toki horri lotutako beste adibide bat orain, Zumaiako fototekan ohar hau dago argazki baten ondoan:

Baporeak eta belaontziak batera barran. Muturrean obretan ari direla dirudi kaxeta eta barkuentzako plataforma dago eta. Muturra egitearekin batera Aritza edo del Cañon izeneko haitz-brankada puskatu behar izan zuten tonelaje handiko itsasontziak portura sartu ahal izateko.

Imanol Azkuek ere askotan erabili du bere artikulu eta liburuetan. Esate baterako, Itzurun eskuinaldekoaz aritu zen 2008ko ekainean, Baleike aldizkariaren  167. zenbakian: 

Goikon bertan Zumaiako mapa bat ere badago, XIX. mendekoa. Itzurunen, hondartza eta piszina banatzen dituen tokian, Itzuruntxiki deitzen denean, brankada luze bat dago itsasoan barrena sartzen dena. Horrek ez du orain izenik, baina Goikon dagoen mapa horretan Uriarrieta agertzen da.

Haitz horiei buruzko azalpenetan erabili dute gaurko hitza Geoparkeko gunean ere:

Itzurun hondartza, Talaimenditik ikusita. Argazkiaren erdian ageri den brankada horrek horma gisa jokatzen du.

Game of Thrones telesaileko Zumaiako irudiak deskribatzeko Baleiken  2017ko irailean,  268. zenbakian:

Bigarren kapituluan Itzurun ez da agertzen, baina hirugarreneko lehenengo sekuentzia bertan hasten da. Momentu garrantzitsua jasotzen du, Daenerys Targaryen eta Jon Snow elkartzen baitira lehen aldiz. Biak giltzarri dira telesailean, are gehiago amaierari begira. Zer ikusten da? Aurrena, olatuak eta eskuinaldeko brankada; eta, segidan, ontziak lehorreratzen, hondartzaren eskuineko aldean, Itzuruntxiki aldera. 

Eta gidaliburu turistikoetan ere agertzen da jada:

Eskuinean, berriz, haitz brankada izango duzu, eta harraldean edo haitzetan herritarrak olagarroaren arrantzan. Horrez gain, urrezko iltzeen bidez adierazten diren denbora mugen estratotipo geologikoek mundu mailako erreferente bihurtzen dute Itzurun.

Itzurunen bertan, baina ezkerraldean bada beste haitz lerro bat. Hara nola aipatu zuten  Alex Urangaren lagunek 2011ko urrian, Baleike aldizkariaren  203. zenbakian:

Itsasbehera zen, eta San Telmo aldeko brankadaren ondoan olatu handia hartu zuen: furgoneta bat sartzeko moduko tuboa! Tubo luze-luzea egin zuen, baina amaieran olatua itxi egin zitzaion, harrapatu egin zuen, eta hondarraren kontra kolpe handia hartu zuen.

Eta azken adibidea Zumaiatik kanpokoa da, Elhuyarrek landutako Irrika aldizkarian topatutakoa:

Badu berezitasun bat: harkaitzetan egiten da surf, eta ez hondartzan. Angelun bezala, plataforma dago, eta brankada (itsasora sartzen den harkaitza) du.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide