Zumaiako hitz bereziak: DUNBAL

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2021ko aza. 19a, 08:00

Dunbala musika eskolan, 1994ko argazkian, hankarekin jokatzeko prestatuta. (Argazkia: BALEIKE)

Santa Zezilia gainean dugunez, musikarekin lotutako hitz bat ekarri dugu aste honetan, Abelin Linazisorori irakurritakoa. Proposamenak eta oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Danbor baxua edo gaztelaniaz “bombo” deitutakoari esaten diogu Zumaian “dunbala”. Abelin Linazisororen ustez,“penagarria da zaharron ahotan oraindik bizirik dagoen hitza erdarazko bonbok ordezkatzea”.

Adibideetara etorrita, hara Baleike aldizkariaren 19. zenbakian,1995eko abenduan argitaratutako biografia batean ikusitakoa: 

Gillermo Aizpurua Amas Txoritxiki 1891n jaio zen eta 79 urte zituela hil zen, ia bere bizitza guztia Zumaiako kaleak alaitzen pasa ondoren. Leandro Zabala izan zuen irakasle eta instrumentu ugari jotzen zituen bandan: flautina, saxofoia, dunbala eta silbotea. Eta txistua ere bai, noski.

Bigarren adibidea ere Baleike aldizkarikoa da, 2001eko azaroko zenbakian Pulpo elkartearen 50. urteurrenaz idatzi zutenekoa:

Tolosako inauterietan izan ziren batzuk, bertako txarangak asko gustatu, eta Peñako lagun batzuek herriko bandan jotzen zutenez ‘inbentua’ inportatzea erabaki zuten. Saxofoiak, tronpetak eta ohiko instrumentuez gain, eurek egindako batzuk gehitu zituzten: larruarekin egindako zanbonbak (Tolosatik ekarriak), enbalajeko kaxa zaharrekin egindako dunbalak, zigarroetarako papera muturrean zuten kornetak…

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide