Zumaiako hitz bereziak: LANBAS(A)

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2022ko urt. 21a, 08:38

Arrantzale batzuek oraindik erabiltzen dituzten lanbasak. (Argazkia: Tomas Otamendi)

Menditik itsasora joko dugu aste honetan, arrantzaleek asko erabili izan duten hitz bat aukeratuta. Proposamenak eta oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Txalupak garbitzeko eta ura kentzeko (txikatzeko) erabiltzen zen lanabesari esaten diogu Zumaian “lanbasa”. 1960 inguruan Manuel Aizpuruak lantxo bat egin zuen Zumaiako arrantzaleez, eta tresnen artean hauxe aipatu zuen: “lambaza”, una especie de escoba de paño para la limpieza. Getarian ere hitz ezaguna da, trapu puskaz egiten zuten han ere, eta gaztelaniazko “lampazo” hitzetik dator, itxura guztien arabera. Fregonaren sinonimotzat erabiltzen dute gaztelaniaz, eta euskaraz ere halaxe jasota dago hiztegietan.

Ondarroan horrela azaldua dute “Ondarru berbetan” egitasmoan: Gure sasoiñ lanbasak bateletan eotezin, bañe etxitan ez. Batelei barruan egiten zitzaien ura lehortzeko tresna: makila,  mutur batean trapu-puskak iltzez josita zituela. Lanbasez batelari ura ateratzen jarduten ikusten genituen: barruko urez lanbasaren muturreko trapuak busti, trapuen aldeko muturra karel ertzean uretara begira ipini eta bueltak azkar emanez, uretara zipriztinak boteaz, kentzen zioten ura lanbasari.

Hondarribian ere antzeko azalpenak bildu zituen Constantino Virtok Arrantzaleak liburuan: hurritz makila erabiltzen zutela, muturrean oihal zati karratu batzuk bilduta jarri eta iltze lodi batekin lotzen ziotela buruari. Ontziko arrain hondakinak, ezkatak, odola eta abar garbitzen omen zituzten tresna honekin. Bitxia da Hondarribian irain gisa ere erabiltzen dutela (urde lanbasa!), eta alferkerian ibiltzeari “lanbaskerian” aritzea esaten diote. Orotariko Euskal Hiztegian ere agertzen dira irainak beste adibide batzuetan: Lanbasa baiño bastoago da mutil ori;  Lotsabaga, lanbas, arpegi-andi... ; Lanbasok alakuok!

Tomas Otamendi arrantzale getariarrak lanbasak nola egiten diren erakusten du Basustabidean grabatutako bideo honetan (gaztelaniaz), eta nola erabili ere bai.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide