Iltzeari esaten diogu Zumaian “giltzea” (ahoz “giltzia”), hau da, gauzak josteko edo zintzilikatzeko erabiltzen den metalezko pieza mehe eta luzeari. OEH hiztegiak Bergara inguruko bizkaieran eta Azpeitialdeko gipuzkeran erabiltzen dela dio.
Hara Azkoitiko adibide bat: "Egur ori pare bat giltzekin josiko deu". Bergaran, berriz, aldaera bat baino gehiago erabiltzen dituzte: “Giltza, iltza, ultza eta ultze, guztiak entzun daitezke”. Ahotsak.eus webguneko bideo honetan ferratzaile batek “giltzia” esaten du: “Txapia izeten da perria, txapa... lau bat milimetrokua edo, bostekua edo...ipintzen da ta josi giltziakin”.
Baleike aldizkariaren 45. zenbakian, 1998ko apirilean, bestelako adiera bateko adibide hau topatu dugu:
San Telmo egunera heldu gara, astelehenera, eta giltzea pasatzeko egun egokia dela dirudi, meza, prozesioa eta haur jaialdiaz aparte ez baitago gauza haundirik.
Zarautzen “iltze” esaten dute, eta ajearen esanahi horrekin lotutako bertso baten berri eman zigun Txilikuk:
Izugarriak dira
moxkorraren grinak
horixek menderatzen
egin ahaleginak
bestela izaten dira
bi(har)amun jakinak
kopetean iltzea
ta buruko minak.