Gaur egun ez da hain ezaguna, baina kakahueteei esan izan diegu Zumaian “abelinak” (ahoz “abeliñak”). Bitxikeria hori ez da gure herriko kontua bakarrik, Bergara aldean ere “abillana” esaten zaio: “Abillana pakete bat erosidak zinian jateko”. Ahotsak.eus egitasmoan ere topatu dugu adibide bat, Ermukoa, denda batean abillanak txigortzeko makina bat zeukatela azaltzen du lekuko batek. Gaztelaniaz antzekoa gertatzen da, eta Andaluziako toki batzuetan ere “avellanita” esaten diote kakahueteari.
Abelin Linazisorok lan handia egin zuen “Gure Zumai zarra” atalean, eta 2007ko apirilean Irene Yeregiri egindako elkarrizketa argitaratu zuen Baleike aldizkarian. Handik hartu dugu pasarte hau:
Musika ez zan jaiero izaten, hamabostian behin-edo, baina zinera jaiero juten giñan. Jun baino lehen abeliñak eta mahaspatxak erosi eta zinera.
2009ko martxoan, berriz, ohar hau idatzi zuen Abelinek berak Alberto eta Kontxita Urangari egindako elkarrizketan:
Hau Juanita Aldamusu zen. Orain Kalari taberna dagoen lekuan denda bat zeukan eta hemen fruituaz gain abeliñak, hurrak, patxak, gozokiak, erregalizak, paperezko mozorroak, kromoak, komikiak, globoak, zigarroak banaka eta abar saltzen zituen. Juanita Kiriki bezala zen ezaguna, zine aurrera otar batekin joaten zenean “alimento kiriki!” deitzen zielako otarreko salgaiei.