Gehienbat, bereziki edo areago adberbioen ordez erabiltzen dugu Zumaian “endemas”. Zestoan ere ezaguna da eta adibide hau eman zuten Zestoarren erretolika liburuan: “Hotz iteik, endemas goizaldian”. Ahotsak.eus gunean ikusitakoaren arabera, Durango inguruan ere esaten dute. Itxura batean, gaztelaniatik hartutako forma bat eta RAE hiztegiak dio ez dela asko erabiltzen.
Baleike aldizkarian topatu ditugu zenbait adibide, lehenbizikoa 6. zenbakian, Zumaiako geltokiburu izandako Manuel Esnalen erantzun batean:
…endemas orain hor juaten dira zahar pila, jaungoikoaren izenian, edadekoak, batere pagatu gabe. Trena beharrezkoa da, hori bai ez dela galduko.
Bigarrena Xabier Azkueren kronika batekoa da, Koldo Zuazoren hitzaldi bati buruz 93. zenbakian idatzi zuenekoa:
Orain artean euskara errazean idazten ahalegindu gara; aurrerantzean, herriko hizkera liburu batean jasotzen denean endemas, geure euskarari zintzoago eusten saiatuko garela agintzen dugu.
Hirugarrena Gillermo Urbietaren hitzetan topatu dugu, Belen Golmaiori 95. zenbakian eman zion azalpenean:
Baña badao beste jende bat Getaiko semiak dianak eta endemas gizonak eta emakumiak 50 o 60 urtetik gora dauzkenak eta aixen itzen amaierak Zumaiakuen antza aundixa dake.
Eta azken adibidea 125. zenbakian topatu dugu. Joanito Dorronsorok Zumaiako misioei buruzko 1908ko bertso batzuen berri eman zigunekoa, eta horrela dio batek:
Daduzkagula diyo peligro
aundiak eta larriak
endemas ere komertziante
baitare tratalariyak
lapurreta ta tabernetako
jan da eran geiegiyak
ia nola izan al litezkian
aien animak garbiyak
Bertso hori lehen ere erabili zuten, 1896an Zizurkilen misioak antolatu zituztenean, eta Antonio Zavalaren liburu honetan 133. orrialdean azaltzen denez, Jose Bernardo Otañok egin zuen sorta hori, Pedro Mari Otaño ezagunaren osabak.