Itsasontziek uretan uzten duten aztarnari esaten diogu Zumaian “uhera”. Hiztegietan “ubera” da forma nagusia (gaztelaniaz “estela”), eta arrantzarekin lotutako beste esanahi batzuk ere baditu: bare dagoen itsasoko gunea, orekan edo pairuan aritzekoa, etab. Arraun munduan ere asko erabiltzen den hitza da, traineru batek lagatzen duen ubera hartuta errazago joan ohi delako atzekoa. Benito Lertxundi oriotarrak badu Uhera izena abesti bat “Hitaz oroit” diskoan.
Zarautzen “ugera” edo “uhera” esaten dute, eta itsasoko arrastoaz gain, korronte batzuei ere esaten diote: Ugera txarrian nao, ta ez det ezer harrapatzen. Ondarroan “uberi” ere esaten dute, eta adibide hauxe jaso zuteten Ondarruberbetan bilduman: Txalopi zemat eta andixaua ixan, ubera andixaua lagakorau. Pandemia garaian abian jarri zuten egitasmoari, berriz, Kultur Uheri izena jarri zioten.
Zumaiako adibideen artean, Imanol Azkuek “ubera ia galdua” jarri zuen izenburuan, “Orduan bai” atalean pasajeko ontziaz idatzi zuenean. Hedaduraz, lehorrean ere nola erabiltzen den azaldu zigun Maria Antonia Goikoetxeak: baten bat ondotik pasatzen denean usain fuertearekin, ona edo txarra izan daiteke, esaten omen da “Hori da uhera laga duna!”.
Oso antzeko adibidea eman zuen Pello Esnalek Diario Vasco egunkarian, eta bitxia da nola hark ere Ondarroatik Oriora bitarteko kontuak biltzen dituen. Pasarte batzuk dira hauek:
Iazko udaberrian, pasatu da emakume bat gure lantegiaren sarreratik, halako lurrin-usain gozoa zeriola, eta hor entzuten diot lankide bati.
–Hori da uera, hori!
–Zer esan dun? –galdetu nion, ezezaguna bainuen uera hitza.
–Getarian hala esaten ditek norbaitek pasaeran halako usaina uzten duenean –erantzun zidan–; berdin duk usain ona ala txarra izan.
Gero, Ondarroan, arrantzaleen kofradian bazkaltzen ari ginen batean, hor ikusi dut paretan traineru baten argazkia: trainerua, uretan arrasto zuria uzten duela. Galdetu nola deitzen dioten Ondarroan arrasto horri, eta uerie erantzun zidan gazte batek.
Oraintsu, zer irakurriko oriotar baten eskelan, eta bertso-amaiera hau:
Baina gurekin geratuko da / zuk utzitako uhera