Zumaiako hitz bereziak: ETXADA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2022ko mar. 25a, 09:15

Etxada onekin errazago betetzen dira ontziko kaxak (Argazkia: Zientzia Hiztegia)

Inguraketako arrantzaleak lehorrean dauden honetan, berriz ere itsasora jo dugu aste honetan. Hitzak proposatu edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Arrantza ontzietako sare botaldi bakoitzari esaten zaio Zumaian “etxada” (ahoz “etxaa”). Zehatzago esanda, arrantzan egiteko sarea botatzen denetik jaso bitarteko maniobra da. Lehorrean erabiltzeko ere joko ederra ematen du; esaterako, karta jokoan esan daiteke “earra etxaa!”, tanto piloa egindakoan.

Eneko Barrutiak Bizkaiko arrantzaleen hiztegian jaso zuenez, “etxada” eta “etxadie” esaten zaio Bermeon eta Mundakan, eta “etxari” eta “etxaria” Lekeition eta Ondarroan: Hemen adibide batzuk:

Igual amar etxada egin da etzera arrain barik / bos mille killo breka atrapa dun etxada baten / lau etxada eingus / sapalun etxadi-ñdxu / eitxe bin sardiñin etxadie esta? / eiñ etxadi sardiñiri / da an gorridxe! Gero eitxen san etxadi areri, trañegas

Ondarruberbetan egitasmoan azaldu zutenez, etxadak eginez aritzen dira arrantzaleak txitxarrotan, berdeletan, sardinatan eta antxoatan, arraina harrapatzeko ahaleginetan. Beste adibide hauek ere bildu zituzten:

Ontxe eiñddou etxari bañe ixe-bez. Ontzungo baten etxara baten altsa genduzen bosteun arru antxoba

Hemen inguruko herrietan ere erabiltzen den hitza da. Getariako arrantzale batzuek ahotsak.eus gunean esandakoaren arabera, orain dela urte batzuk 8 edo 10 mila kiloko “etxaak” izaten ziren, eta zarauztar batek ere aipatzen du beste pasarte honetan:

Ta juten zian arrantza, ta Moillarriz ta San Antongo mendiaz bazterrea. Zarauzko hondartzatik bertan ikusten zian. Ta oaintxe egiten zuen lehenengo etxada arratsaldeko lau t’erdiyak bostak aldian, hartu arraya, eta batelian beren salabardua tente zuela zan siñalia arraiakin zetoztela.

Literaturan ere badaude adibide batzuk; Koldo Izagirreren Egarri egunak portualdean liburukoa da hau, adibidez:

Amua beitatu nuen.

— Utzidazu botatzen!

Antzeztu nion etxada, kontu egiteko jausi gabe. Ez zuen hitzik atera. Kendu zidan, hartu zuen irakatsi nion jarrera. Urrun egin zuen txonbo berunak, ez zuen estreina.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide