Lapak jaten dituena da “lapajalea” (ahoz “lapajalia”), baina Zumaian eta inguruetan bereziki getariarrak izendatzeko erabiltzen dugu hitz hori. Getarian jaioak lapajaleak direla azaltzen du azaltzen du Ahotsak.eus-eko bideo honetako lekukoak, eta Wikipedian bertan ere jasota dago ezizen hori.
Zumaiarrek eta getariarrek bat egin zuten 2001eko traineru denboraldia jokatzeko, eta Kontxarako sailkatzea lortu ere bai. Hara Baleike eta Artzape aldizkarietan emandako kronikako pasarte bat:
Honekin guztiarekin, zeozer argi geratu bada, Getaria-Zumaiak eginiko denboraldi bikain eta biribila da. Aurrera begira, zer gertatuko da? Berdin jarraituko al du Paternina-Indaux traineruak? Orain artekoa ikusita, bi herriak oso gustura daude, "lapajale eta idoloen" arteko tirabirak erabat baretu baitira.
Zumaiarrok ere lapazaleak garela ezin ukatu, eta duela 2 urte ere aritu ginen lapei buruz. Bixente Esteibarrek ahotsak.eus egitasmoan kontatu zuen Ostegun eta Ostiral Santu egunetan lapatara joateko ohitura zegoela. Adora Osak bideo honetan azaldu zuenez, berri, ezina zegoenean jendea lapetara joaten omen zen; arrozarekin ere oso goxoa geratzen dela dio.
Trini Bidasorok 2004ko urrian Abelin Linazisorori Baleiken kontatutakoa da beste hau:
Lapa patatekin ere jaten ginien, pentsa zak, eta olarrua patatakin asko. Oain ez dek jaten, beharbada orduan asko jan gendulako. Orduan haitzian jende asko ibiltzen uan. Txoazkina, lapa, olarrua, andarika, maulixua, ixkira… Ibili beharko!
Kostako herri askotan egon da lapak jateko ohitura, Jaizkibel aldean ere bai. Hondarribian “lapakiya” izeneko tresna erabiltzen dute lapak askatzeko, iltze handi moduko bat, muturra zapalduta duena; bideo honetan eman zituzten horri buruzko azalpenak. Pasaitar honentzat ez da marisko hoberik, eta ilusio handiz kontatzen du arroketan bildu eta lapikoan zopa nola egiten zuten.