Zumaiako hitz bereziak: KORAJE

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2022ko api. 29a, 08:54

Ez zeukan koraje ederra zeruak San Telmo bigarreneko iluntzean. (Argazkia: Agustin Ezenarro)

Santelmoen bigarren asteburuaren atarian, zeruari begira jarriko gara. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Zerua ilundu eta eguraldiak itxura txarra hartzen duenean erabiltzen dugu Zumaian “korajea” (ahoz “koajia”). Aste honetan bertan Agustin Ezenarro getariarrak goiko argazkia jarri zuen sare sozial batean, eta azalpen hau eman behar izan zuen ondoren: “Zeruak/egualdiak hartu duen itxura, horrela ere esan ohi dugu”. Zestoarren erretolika liburuan ere jasota dago adiera hori: “Eguraldiaz mintzo garelarik, oso ilun dagoenean edo trumoika ari denean ere erabiltzen da esamoldea. Hau dek egualdiyan korajia, hau!/Egualdiyak e etzakak koraje earra alde horretatik”.

Itxura txar edo xelebrearekin lotuta, pertsonekin ere erabiltzen da, esaterako jaietan parranda edo gaupasa egin eta biharamunean izaten dena deskribatzeko. Hara Joserra Gorritiren azalpena, Baleike aldizkariaren 270. zenbakian, 2017ko azaroan:

Bezperan goizaldeko 5etan heldu etxera eta goizeko 9tan festa egin behar. A zer korajea izaten nuen! Ez nintzen batere ondo sentitzen.

Gaztelaniaz “coraje” bezala, euskaraz “kemena/adorea” adierazteko ere erabiltzen da “koraje”, eta horregatik ez dago potorik Unai Agirreren bertso honetan, 1996ko saio batean, Andoainen; bi esanahirekin erabili zituelako:

Hortarako badaukak
nahiko korajia,
gauz batek jarri zidak
nei orain ajia;
zerbait esango diat,
hau dek korajia:
zergatik ekarri dek
soldadu trajia?

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide