Zumaiako hitz bereziak: ATARRAPOKA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2022ko mai. 6a, 08:48

Ohikoa da lehen pausoak atarrapoka egitea. (Argazkia: pxhere.com)

Asierrek galdetu zigun hitz honen inguruan, eta testu hauxe osatzeko modua egin dugu. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Umeek oinez ikasi aurretik eskuak eta hankak lurrean jarriz ibiltzeko erari esaten diogu Zumaian “atarrapoka” ibiltzea. Getarian ere erabiltzen dute, Andres Alberdiri Artzape aldizkarian irakurri genionez. Gaztelaniaz “a gatas” esaten zaio, eta euskaraz beste era asko jasoak dituzte Labayru hiztegian: lautxakur, lau-hankan, lauoinka, katamar(ka), txakurka, katuka, ñauka, larrapoka, ahuspezka, pitzi-patza, apoka, atarrapuzka….

Oikian “atarrapuka” ikasi zutela esan digu Brigida Ibarbiak, eta Zestoarren erretolika liburuan ere halaxe jasota dago:  “Haurra lau hankean ibili. Umiak eun guztiya atarrapuka pasatzeu”. Nikolas Zendoia aiarrak ere “atarrapuka” idatzi zuen garai bateko jostailuei buruzko zutabean:

Baserriko ezkaratza eta mandioa genituen pelotalekuak. Eta koskoilluzko xibotekin jolastekoa, berriz, sukaldea, atarrapuka zebillen ume txikiren bat tartean genuela.

Zumaian “atarrapoka” esan ohi dela baieztatu digu Maria Antonia Goikoetxeak, eta adibide bat ere topatu dugu Baleike aldizkariaren 136. zenbakian, Miriam Romatetek idatzitako zutabe batean:

Izugarrizko aldapa pikea eta olatuak kolpeka. Sartu, hala moduz; irten, atarrapoka.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide