Zumaiako hitz bereziak: IZARRI

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2022ko mai. 20a, 08:00

Akuilatuta ere, ez da erraza izarritako astoa jaikiaraztea. (Irudia: Marcel Delaris, Jesusa Gipuzkoakoa)

Hain ezaguna ez den aditz bat ekarriko dugu aste honetan, Abelinen zerrenda baliatuta. Hitzak proposatu edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Zama handiaren ondorioz lurra edo behea jotzeari esan izan zaio Zumaian “izarri” edo “izerri”.  Euskara batuan “ezarri” erabiltzen da, eta Elhuyar hiztegian  7. adieran “echar al suelo” edo “tumbar” esanahia ematen dio. Orotariko Euskal Hiztegian beste era batzuetara ere ageri da aditza (ezari, izari, isari, ixari, izarri, ezerri, zarri…) eta adibide batzuetan ematen saio esanahi hori: Gurutzearen pisuak lurrera ezarri zuen. (…) [Ematen dio] belarrondoko portitz bat eta / ezarri zuan lurrean.

Abelin Linazisorok Alizia Perez elkarrizketatu zuen “Gure Zumai zarra” atalean, eta adibide hauxe eman zigun 169. zenbakian:  

Mutil eta neska danon alkarrekin, kale zahar hoixetan bueltaka, kontzejo axpixan ere bai. Neska potota bat bazan, mando-mandoka gainian zanian, ez zeon hura moituko zunik! Behekuak izerri eiten zun.

Motxenea kale-baserriko Teodoro Azkuek eman zigun beste adibide bat, “Gure asto zahar tuertua izarri” kontakizunean:

Hala, nere anaiak belarra ebaki, nik bildu, ta belarrakin kargatu gendun asto hori. Banator Ketxuitik behera, sartzen gea estazioko trenbidian azpiko tunelian. Tunel hori bide bakarra zan; euriya ite zunian, urak hortik pasatze zian, eta hango lurreko harriyak bustita eote zian. Gure asto zahar horrek txirrist in zuan eta izarri zan bat batian. Hala altzatzeko egin zitun allegiñak, baña sasoia pasata zeukan eta urtiak zitun bere gañian. Nik ikusikan ezin nula ezerre egin, asto hori utzi eta hasi nitzan korrika Ketxui gañera. Bi miñutuan han nitzan.

–Manuel, astua izarri in dek tunelian ta ezin dek altza.

–A bapua, earra in diu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide