Zumaiako hitz bereziak: KERIZPE

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2022ko mai. 27a, 08:37

Eguzkiak gogor jotzen duenean, eskertzen da kerizpea. (Argazkia: Carlos, flickr.com)

Maiatzean izan ditugu egun sargori batzuk, eta hilabetea amaitzeko Arantxak proposatutako hitz bat ekartzea pentsatu dugu. Zuen proposamenak edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Itzala duen tokiari esaten diogu Zumaian “kerizpea” (ahoz “keizpia” ). Euskara batuan “gerizpea” da, eta beste adiera bat ere badu, babesarekin lotuagoa. Orotariko Euskal Hiztegian aldaera hauek jasoak dituzte: gerizape, gereizpe, gerizipe, geizpe, kerizpe, kereizpe , kerezpee, keizpe eta kerixpe. Ahotsak.eus gunean ikus daitekeenez, Debagoiena aldean ere ohikoa da “keizpe”, eta Eibar-Elgoibar inguruan “kerizpe”.

Gure ondoko herrietan, Zestoarren erretolika liburuan jasota dago “keixpe”, itzalpeari deitzeko: “Keixpian nayo euzki galgatan baño”. Getarian, berriz, “girezpi” esaten diotela ikusi dugu Artzape aldizkarian:

Getariarren bat ez da aparte izango, girezpitan, girezpitara, girezpitako... entzuten badugu, estandarragoak diren gerizpe(t)an, gerizpe(ta)ra, gerizpe(ta)ko... (edo esanahi bereko diren itzalean, itzalpean) entzun ordez.

 Zumaiako adibide bat ere topatu dugu Baleike aldizkariaren 177. zenbakian, batuko formarekin emana, eta hitzaren bi adierak biltzen dituena, gainera:

Eskolako gerizpetik irtenda, eguzkiak ez du errukirik. Basamortuaren erdian gaude.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide