Zumaiako hitz bereziak: LASTABIKO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2022ko eka. 10a, 10:18

Gari sortak edo lastabikoak, pilatuta. (Argazkia: Trish Steel, Wikipedia)

Garia ebakitzeko garaia dugu ekaina, eta soroetara joko dugu aste honetan. Hitzak proposatu edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Garia ebaki ondoren eta jo aurretik egiten den sortari esaten zaio Zumaian “lastabikoa” (ahoz “lastaikua”); esanahi bereko hitzak dira azaoa, lastabala (lasto bala) eta gari bala. Resurrección Maria Azkuek bere hiztegirako Zumaian jaso zuen hitza, eta gaztelaniaz “haz” edo “gavilla” zela jarri zuen. Euskal Herriko Hizkeren Atlasaren arabera, Deba aldean ere horrela esaten da. Zestoan eta Zarautzen, berriz, “garikoa” deitzen diote.

Brigida Ibarbia oikiarrak aipatzen du ahotsak.eus guneko elkarrizketa batean:

Dana jaulki iten zan, bakizu, libratu iten zan,  zeatu, jaulki. Txanketa esaten giñun. (…) Harri losa, han jo, ondo libratu arte jotzen zan. Ta gero gariyan zea, lastaikua esaten giñun, lastaikua, hua hartu ta tolosturan, sapaira.

Zarautzen ohikoagoa zen “garikoa”, baina han jasotakoa da beste adibide bat, lekukotza honetan:

–Ez, ez, ez, ez baiña izena nola deitzen zun? E, zeak, gariyan paketiak?

Lastaikua, lastaikua. Bai, hori da, hori da. Ez zaizkit akordatzen ta!

Badirudi, herrietan forma bat baino gehiago erabiltzen zirela, Zumaian “gabikoa” ere jasota dagoelako. Horren erakusgarri, Abelin Linazisorok Baleike aldizkariaren 150. zenbakian Baxakarteri egin zion elkarrizketako pasarte hau:

Segaz, ebaki, askoz azkarrago eiten huan, baina eskuz eiten zunak itaiaz ebaki eta lurrian gabikoa einda uzten zian. Gabikoa bi eskuka bete xortari deitzen zaiok, gero atzetik zetorrenak hiru edo lau lasto hartu, buelta eman eta lotu eiten zian.Txukun-txukun.

Gariak duela hamarkada batzuk izan zuen garrantzia ikusteko, oso gomendagarria da Imanol Azkuek Baleike aldizkarian “Orduan bai” atalean idatzitako artikulu hau: Asaba zaharren baratza.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide