Zumaiako hitz bereziak: TXOKATU

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2022ko eka. 17a, 08:20

Ez da gauza bera TXOKATZEA eta TXOKE EGITEA. (Argazkia: Noticias de Gipuzkoa)

Udako oporren atarian, aditz berezi bat ekarri dugu aste honetan. Hitzak proposatu edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Beste toki askotan bezala, harridura sortzeari esaten zaio Zumaian “txokatzea” (ahoz “txokatzia”). Gaztelaniaz ere badu esanahi hori, RAE hiztegian 4. adieran “Causar extrañeza o enfado” dela jartzen du. Inguruan Zestoako eta Eibarko hiztegietan ere jasota dago aditz hau.

Zumaian bizi den eibartar baten adibide bat ekarriko dugu lehenbizi, Pedro Alberdi idazleak Baleike aldizkariaren 77. zenbakian 2001ean esandakoa:

Duela hamar bat urte, Juan San Martinen liburuan irakurri nuen Gabriel Aresti 66an Eibarko fabrika batean aritu zela lanean , eta ni eibartarra izanik txokatu egin ninduen, ordura arte ez bainuen horrelakorik entzun.

Zumaiar baten adibidea orain, Joxe Manuel Manterolak Abelin Linazisorori aldizkari bereko 134. zenbakian kontatutakoa:

Jaixa etorri eta ni juten ez. Kuartelian ere txokatuta zibeztian. Nik banitxikian hura non ibiltzen zan eta ni beste aldetik ibiltzen nitxuan.

Beste zumaiar batena da azken adibidea ere, Joxe Portek esana, Baleike aldizkarian hau ere, 137. zenbakian:

Kuartel Jeneralera jeneral bat etortzekoa zala-eta, menditik jatxiazi eta hara jun gitxuan. Rebista pasatzen hasi dek jeneral hau eta derrepente txokatuen keinuak eiten hasi huan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide