Goitibeherari deitzen diogu Zumaian “karrikotxea” (ahoz “karrikotxia”). Herri eta auzoetako jaietan ohikoa izan da horrelakoen jaitsierak antolatzea, aurrez orga edo gurdi modukoak lagun artean eraikita, bizikleta zaharrak, egurrak eta errodamenduak erabilita. Wikipedian irakurri dugu Galizian “carrilana” esaten zaiela eta Katalunian “carretó”. Hemen inguruko herri batzuetan “karrikotxe” esan izan zaie eskuz eramaten ziren karro edo erremolkeei, Zarautzen eta Eibarren, esaterako. Gaztelaniaz, berriz, batzuek ume-kotxeari esaten diote “carrecoche”.
Herrigunean auto gutxiago ibiltzen ziren garaian, ohikoa zen Zumaiako aldapa batzuetan karrikotxeak probatzea, Larretxo ingurukoetan, adibidez. Oikian eutsi diote jaitsierak egiteko ohiturari, eta Zumaian kuadrillen egunean antolatu ziren duela urte batzuk, esaterako 2015ean, Arritokietako aldapan.