Zumaiako hitz bereziak: KIBISTA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2022ko ira. 30a, 08:30

Belkrodun oinetakoak hainbeste zabalduta, haurrek berandu ikasten dute kibista egiten. (Argazkia: pxhere.com)

Brigida Ibarbiari ikasitako beste hitz bat ekarri dugu aste honetan. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Batez ere oinetakoen lokarriarekin egiten den korapiloari esaten diogu Zumaia eta inguruan “kibista”. Gaztelaniaz “lazo” edo “lazada” deitzen zaio, euskaraz forma estandarra “begizta” da eta ezagunak dira "txibista" eta "begite" ere. Antzeko beste izen batzuk: kiribista/kiribistia (Bergara-Eibar), gibelesta/gibelestia (Oñati) eta kibiztoa edo biiztoa (Goierri). Brigida Ibarbiak azaldu zigunez, astoari kartolak ondo lotzeko ere egiten zituzten kibistak, muturrean zegoen begi edo zulotik pasatu, estutu eta lotzeko.

Zestoarren erretolika liburutik jasotako da adibide hau:

-          Oaindik zapata-lokarritan kibista iten eztu ikasi”.

Orotariko Euskal Hiztegiko esaldiak dira beste hauek, beste korapilo batzuei ere hala esan izan zaiela erakusten digutenak:  

-          Eta soka bati kibistea egin da, desesperaturik, urkau zon bere burue.

-          Animen alde an ekin zion / gau ta eguneko lanean, / iru kibistatiko kordoia / jantzirik bere soñean.

-          Kiripistia, puntatik tira ein dda prast! libratzen dana.

-          Lasto batzuk bereiziko ditue eta belaun-kiñuz gerrikoa egotzi ondoren, kibiztoz lotuko diote.

Gaur egun ere erabiltzen den seinale, Andoni Egañak Berria egunkarian idatzi zuen zutabe batekoa da hau:

-          Gosari orduan mizkin, oso garaiz abiatu da gorbata berdearen kibistari estutu bat emanda.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide