Oka egitean ahotik botatzen denari esaten diogu Zumaian eta inguruan “gonbitoa” (ahoz “gonbitua” edo “gonbittua”). Gaztelaniazko “vómito” horren parekoa da, eta beste modu batzuetara ere esaten dugu euskaraz: botaka egitea, goitika botatzea, botatzea, errebesatzea… Euskaltzaindiaren herri hizkeren atlasean mapa batean jasota eta zerrendatu daude beste asko. Bitxia da animalien erditzeekin egiten diren konparazio batzuk ere: txahala egitea (Urola aldean “txahalarena” ere erabiltzen da), mandoa egitea, moxalak botatzea… R.M. Azkueren hiztegirako Zumaian bertan jaso zuten azken adibide hori, gonbitoari “moixal” deitzea eta botatzeari “moixalak botatzea”. Aste honetako hitzarekin lotutako beste esamolde batzuk ere badaude: gonbitoka aritzea, gonbitolarria (goragalea, botagura) izatea, etab.
Baleike aldizkarian topatu ditugu adibide batzuk. 84. zenbakian, zinema kritika batean:
…bere akats nagusia zera da: bere ametsetako Wendy Testaburger maitea ikusten duen bakoitzean gainera gonbitoak botatzea.
Perretxiko batzuen eragina aztertu zuen artikulu batekoak dira beste bi adibide hauek, 74. zenbakikoak:
Bere kontsumoak eragin hauek ditu: lehenengo gonbitoak eta beherakoa, gero alaitasuna eta azkenik ikusten diren eta entzuten diren gauza irrealak daude. (…) Gonbitolarria, beherakoa eta tripako mina ere ohikoak dira.
Xabi Osa piraguistari egindako elkarrizketa batekoa da azken hau, 157. zenbakikoa:
Saltaka ere egiten genuen, Larraraino edo Xey-raino, eta etxerakoan, Beduako aldapan esprinta jotzen genuen. Batzuek erdi gonbitoka amaitzen zuten.