Zumaiako hitz bereziak: KURRIXKA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2022ko aza. 18a, 08:19

Edvard Munch margolariaren lan ezaguna, kurrixka bat irudikatzen duena. (Irudia: Wikipedia)

Abelin Linazisororen zerrendako hitz bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Oihu, garrasi edo txilio zorrotzari esaten diogu Zumaian eta inguruan “kurrixka”. Zestoarren erretolika liburuan ere jasota dago, adibide honekin: “Izugarrizko kurrixka intzun; txerriya hiltzeakuan baño handiyoua”. Eibarren ere erabiltzen dute, eta txerriaren hots desberdinak horrela bereizten dituzte hiztegian: “Txarrixan txillixo bizixa, bildurtuta edo hasarre daguanian botatzen dabena; bestela, kurrinka egitten dau, kurrin-kurrin”. Bergarako hiztegian igualtsu: “txarri-kurruxka” txilio zorrotzari, eta “kurrunka” hots lasaia denean. Azkoitian, berriz, “kurruxke” edo “kurruxkaie” esaten diote: "Umie kurruxkeka ibilli da gau osuen".

Abelin Linazisororen ustez, beldurrari lotua dagoen garrasia da kurrixka. Abelinen berak Baleike aldizkariaren 167. zenbakian Alizia Perez elkarrizketatu zuen , 2008ko ekainean, “Gure Zumai zarra” atalean. Handik hartu dugu adibide hau:

Haixek pasiara ertentzen zuten eta, ni atzetik neskamiakin, baina han gurasoak ezin zuen aguantatu, barruan sartzen zienian kurrixka batian hasten men nitxan-da.

Teodoro Azkueren Goiko koxkatik blogean topatu dugu beste adibide hau:

Hortan, harakiñ horrek sartu zion kutxillua lepuan. Antxume gaixo horrek salto iteu mahai gañetik kurrixkaz ta marruaz.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide