Behien eta antzekoen orroari diogu Zumaian eta inguruan “marrua”. Zestoarren erretolika liburuan ere jasota dago, adibide hauekin: “Beyak marruaz ai dia/Beyak marrua batzuk iñatik, ezkendun susto handik hartzen”. Txilikuk Antigoaleko hiztegian dio “makakorro” erabiltzen dutela Zarautzen. Hiztegietan “marru” lehenetsita dago, baina gurean “bi marrua” edo “marruaka” esateko ohitura dago, amaierako -a eta guzti.
Abelin Linazisororen ustez, minari edo oinazeari lotuta dagoen deiadarra da marrua, eta asko erabiltzen da pertsonekin ere. Abelinen berak Baleike aldizkariaren Gure Zumai zarra” atalean egindako elkarrizketetan adibide asko daude:
Neska batek guri kalabazak eman eta hark pieza hartan beste mutil batekin dantza eiten bazun, mekauen! Nesken kontra. Han ibiltzen ginan danok marruaka.
Donato Bidasoro, 2004ko azaroan, 127. zenbakian
Kamixua zaintzen bi, beste bik txarrixai muturra estututa euki marrua ez eiteko, txarrixa hil, odola hartu eta saltaka odolakin Bonbilloko goiko sukaldera.
Kontxita Uranga, 2009ko martxoan, 175. zenbakian
Ba, rekete hau frentera jun baino leheno pasatu da kaletik eta aplikatu da gure ama leixoan eta… zer marruak egin zizkon reketeari! Diarra ein zixon, e?
Ixabel Grazia, 2005eko otsailean, 130. zenbakian
Jeneral horrek marrua ein eta gero, laster asko ein zitien paper danak.
Joxe Porte, 2005eko urrian, 137. zenbakian
“¡A mí la legión!” marrua eiten zien eta andadio!, han juten hittuan bestiak hari laguntzea.
Karmelo Zendoia, 2007ko abenduan, 161. zenbakian
Bultuak aurrea eta atzea, aurrea eta atzea eiten zun, eta gu hirurok arrima-arrima einda moitzeko bildurrez, ez geñikin marrua ein eo zer ein.
Lore Albizu, 2008ko urrian, 170. zenbakian
Esteban Maketua, Angel Aperribai, Auguston-eta anaixa eta hauekin juntatzen baginan, joe!, edade txarrenean gitxuan, ba, eta orrua eta marrua ibiltzen ginien!
Joxe Manuel Manterola, 2005eko martxoan , 131. zenbakian
Kirolean jendea animatzeko egiten diren oihuak era “marrua” izaten dira askotan. Hemen Baleike aldizkariko bi adibide:
Baten batek jugada itxusi bat egiten badu, marrua egiten diot, baina intentzio txarrik gabe, barrutik ertetzen dit. Ixilik ikusten banabe, berriz, danak galdezka: “Ze, buruko mina al dakan? Ondoezik al hago?". Eta orduan marruka hasten naizenian danak espabilatzen dira.
Miren Torreberri, 1996ko maiatzean, 24. zenbakian
Moila izkinatik muturra erakutsi orduko zoramena nagusi, olatuak, kantuak, txaloak, marruak, eskuak gora, ezpainak zabal eta irribartsu... festa.
Kontxako estropadaz gehigarria, 2001eko irailean, 100. zenbakian jasoa
Musika arloan ere behin baino gehiagotan agertzen da “marrua” Baleike aldizkarian:
Eske nahi gendun marrua batzuk, nesken marruak edo talderako. (…) Gero honek marrua gehio egiten du. (…) Pelikula gore bateko marrua ere nahi gendun sartu, baina marrua bakarrik ez zan,
Nidel taldeari elkarrizketa, 2000ko abenduan, 74. zenbakian
Rock gogorra, marruak, garrasiak... Big Boy elkarrizketatu nuenean, Gartxik zioen marruak primeran ateratzen zitzaizkiola.
Anestesia taldeko Ibon Esteibarri elkarrizketa, 2015eko martxoan, 241. zenbakian