Zumaiako hitz bereziak: ZIBA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2023ko urt. 13a, 07:58

Garai batean egurrezkoak ziren zibak; orain plastikozkoak ere badaude, botatzeko askoz errazagoak. (Argazkia: José Pestana, FLICKR)

Urtea hasteko Montsek esandako hitz bat ekarri dugu aste honetan. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Lurrean jirabiraka jartzen den jostailuari esaten diogu Zumaian “ziba” edo “xiba”. Donostia inguruan “txiba” da, Orio-Zarautz aldean “xiba”, Zestoa inguruan “xibota”, Azkoitian “erremota” eta Leitzan “txantxaria” (beste herri batzuetan “dantzaria” ere bai). Euskararen Herri Hizkeren Atlaseko mapa batean ikus daitezke izen guztiak. Gaztelaniaz “”trompo” edo “peonza” erabiltzen dira gehienbat.

Abelin Linazisorok idatzitako ohar baten arabera, “Zarautz eta beste zenbait herriren eraginagatik zibaren ordez txiba entzuten da”. Abelinek berak elkarrizketa egin zion Donato Bidasorori, eta hara zer esan zuten Baleike aldizkariaren 127. zenbakian, 2004ko azaroan:

Jolasean-eta nahiko ibiliko zineten, ba? Orduan trenadioska, kortalibreka, kukuka, kanikaka, zibakin…Treneko billetiekin ere bai. Obakin billete tontorra botatzen.

Maria Antonia Goikoetxeari elkarrizketa egin zioten 2021ean ahotsak.eus proiekturako, eta hauxe kontatu zuen:

Sokakin dexente jolasten gendun, e! Gero mutilak… hori ere neskak ezin gendun jolastu, kaniketan eta xibakin, baina hori orain ere jolasten da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide