Egurrezko ontzien egituran gilatik irteten den pieza kurbatuari esaten diogu “zuakerra” Zumaian. Resurrección Maria Azkue hiztegigileak Zumaian bertan jaso zuen hitz hori, eta “costillas de la lancha" jarri zuen gaztelaniazko azalpenean; euskaraz “saihetsa” edo "kostila" ere esaten zaio (Ondarroan “armazoi”), eta gaztelaniaz “cuaderna” da izen teknikoa.
Garai batean, “gidatu” edo bideratu egiten ziren haritzak, modu jakin batean inausiz, pieza biribilduak lortzeko. “Ipinabarrak” esaten zaie gidatutako zuhaitz horiei eta Albaola itsas kultur erakundeak “zuroker” deitzen die oro har pieza kurbatu edo oker horiei, eta ontzietako saihetsei ere bai.