Aleak kendu zaizkion artaburuari esaten diogu Zumaian eta beste herri askotan “lokotxa”. Resurrecion Maria Azkuek Zumaian bildu zuen “lokots” bere hiztegirako, baina beste esanahi batekin: gaztainaren kanpoko oskola edo lakatza (morkotsa). Gaztelaniaz “zuro” esaten zaio lokotxari, eta euskaraz baditu beste izen polit batzuk ere: txokor, arto-koskor, txokota… Zarauzko hiztegian ere jasota dago “lokotx” eta hara nola definitzen duten Zestoarren erretolika liburuan LOKOTX-BILKETA: “Ilaran jarritako lokotxak banan-banan hartu eta ilararen aurreko otarrera biltzean datzan jokoa; Lehenen biltzen dituenak irabazten du”.
Joxeba Garatek ahotsak.eus egitasmoaren webgunean azaldu zigun garai bateko jaietan ohitura zegoela lokotxekin ibiltzeko:
En jeneal, festak zianian. Lokotsa biltzia ta hori huan biltzia, lokotsa biltzen, zenek azkarri bitu.
Gaur egun ere asko erabiltzen da, herriko eta auzoetako jaietan ohiko jokoa delako oraindik ere, baleike.eus webguneko adibideak horren froga. Narrondon sankristobaletan:
Arratsaldeko 17:00etan: gaztetxoentzat jolasak (lokots bilketa, saku karrerak, aulki jolasak eta margoketa txokoa….)
Oikian sanbartolometan:
Bi taldetan banatu eta nork arropa gehien jantziko soinean; lokotx biltzen; eta ura garraiatzen, txingak bailiran.
Gazteen Kuadrilla egunean:
Egingo diren jokoen artean kukaina, urpekaritza, piragua lasterketa, zipriztin txapelketa eta lokotx bilketa uretan izango dira.
Alai auzunean Santo Tomas egunean:
16:00etatik 19:00etara umeentzako jolasak: txingak, lokotx bilketa, zaku lasterketa, sokatira, haur proba, etab.
Amaitzeko, Zumaiako turismoari buruzko gogoeta egin zuen Migel Aperribaik 2020an baleike.eus-eko gutun honetan, alderaketa bat egiteko joko hori erabilita:
Aurretik dago herria eta bere "altxorra" ezagutzera ematea, turisten mapan ipintzea. Izan ere, turistak, lokots bilketa jokoan bezala, bere zorroan sartzen joan behar du hautatu duen bidaiarako turismo industriak han hemenka markatu dituen ezinbestekoak.