Jokalari baldar edo galtzaileari esaten diogu Zumaian eta inguruan txanboia. Itxura batean, gaztelaniazko chambón hitzetik dator, eta jokoan edo kiroletan abilidaderik ez duenari esaten zaio, edo bestela txiripa asko duenari; hain zuen, gaztelaniaz chamba horixe da, txiripa edo zorte ona. Zestoa eta Zarautz aldean ere erabiltzen da, gehienbat pilota giroan, eta Arritxu Iribarrek kontatu zigun haien etxean ere ohikoa izan dela txanbon edo txanboia esatea hutsegite nabarmenak egiten dituenari.
Adibide bat topatu dugu ahotsak.eus gunean, Elgetakoa, bolo jokorako ere balio duela erakusten duena:
Beste txanboi bat ikusten dok eta haren kontra, kontra jokatu.
Oin ba, ez dok beti irabaziko, igual joko jok, baiña ez dakik, izautu ein bihar dok.
Irain modura ere erabiltzen da, pertsona traketsari deitzeko. Augustin Zubikaraik Ondarroako ezizenen zerrenda batean jaso zuen “TXANBOI”, eta badaude Txirritaren 1916ko bertso batzuk, getariarren izenean Orioko beste bertso batzuei erantzunez idatzitakoak:
bertsuak jarri dituztelako
gaude pixka bat seriyo,
bi erri autan artu gaituzte
txanboi bat dala meriyo,