Mozkortzeari esaten diogu Zumaian “mokoilotzea” (ahoz “mokollotzia”). Mozkorraldiari “mokoilo” esan izan zaio Gipuzkoako beste toki batzuetan ere, eta Augustin Zubikarai idazleak zioen Ondarroan amuen eta piten arteko nahasteari ere arrantzaleek “mokoloi” edo “mokoilo” deitzen ziotela.
Itziar Trekuk 1990eko mahai inguru batean San Telmo kaleko jai giroa nolakoa zen kontatu zuen, eta laburpentxo bat jasota dago Baleike aldizkariaren 45. zenbakian, 1998ko apirilekoan:
- Txoritxiki're etortze zan, danboliña juaz, Xauakin, eta hark maiñelen entrada danetan jotze zun ttunttuna. Emate zidxoen kafia, ta azkeneako danak mokollotzen zian haidxek'e.
Zarauzko lekuko baten adibide bat ere topatu dugu ahotsak.eus webgunean:
- Bezperan zea, mokoillo ear haundi bat harrapatu, ta geo, jakekakin zeola ta…
Orotariko Euskal Hiztegian ere “mozkor” edo”mozkorraldi” adierazteko adibide batzuk badaude:
- Nik arrapatu bear diat mokolloa!
- Orain daukaten mokollo polit au pasako zait.
- Praisku, mokollu ori / non arrapatu dek?
- Arek bazeraman bere diñako mokolloa.
Xipri Arbelbide idazleak ere erabili zuen, Irri solas liburuko txiste batean:
- Aurten ere, mokoilo galanta bildu zuen Txominek herriko jaietan. Bete-bete eginda etxeratu da, baina oraingoan bestetan baino goizago.