Zumaiako hitz bereziak: KRIFIS

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2023ko api. 28a, 09:00

Kaniketan edo bestelako jokoetan ezer gabe geratuz gero, orduantxe KRIFIS! (Irudia: William Henry Knight, Wikipedia)

Abelinen zerrendako beste hitz bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Joko eta jolasetan ezer gabe geratzen esaten dugu Zumaian “krifis”; kaniketan izan daiteke, edo karta jokoan, une jakin batean dirurik, tantorik edo puxtarririk gabe geratzen garenean. Gaztelaniazko “crisis” hitzetik hartutakoa ematen du, eta esanahi berarekin antzeko aldaera batzuk ere jaso ditugu Zumaian: krifilis, krillo… Labayru Hiztegian ikusi dugu bizkaieraz “kilimon egin” erabiltzen dela porrot egitea edo kiebra jotzea esateko.

Hain zuzen, “kiebra” horren eta gure hitzaren tankerako bat erabiltzen dute Zarautzen, “kribi”, eta horrela azaltzen du  Txiliku idazleak Antigoaleko Hiztegian: “Umeen jokoetan erabiltzen da, eta ezer gabe utzi edo jokoan jarraitzeko aukerarik gabe utzi:  Kribi utzi nau. Kromoak, kanikak edo dena delako denak irabazi dizkit eta ez dut jolasen jarraitzeko aukerarik”. Zarauzko lekuko batzuen beste adibide hau ere topatu dugu ahotsak.eus webgunean:

  • Konparaziyo batea, kaniketan hola esan det leheno, hori iten giñula. Kaniketan bakizu, no? Jokua. Ta, kanikak galtzen bazituzun, esaten zion "kribi natxiok!". Akordatzen al haiz?
  • Bai, iten zan, bai, jokua izaten zan kanikak, jokuan, ta, danak galtzen zitunian, kribi.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide