Zumaiako hitz bereziak: JOSABA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2023ko mai. 19a, 08:28

Ameriketako Estatu Batuen pertsonifikazioa da Osaba Sam. (Irudia: Wikipedia)

Teodorok idatzitako hitz bat ekarri dugu aste honetan, Patxi Barrandero familian askotan entzundakoa. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Hitza bera ez da berezia, baina esateko modua bai, aitaren edo amaren anaiari deitzeko “josaba” erabili izan delako Zumaian eta inguruan. Zarautz hizketan liburuan jasota dago “josaba”, baina adibiderik ez dugu topatu. Euskaltzaindiak J letraren ahoskerari buruz idatzitakoaren arabera, “gaztelaniazko ahoskera belarra [x] (es: [jamón] bezala)” du gure hitz horrek, batzuetan oso leuna.

2009an Joxe Mari Etxabe elkarrizketatu zuten Zumaiako ahotsak.eus egitasmorako, Mendarojauregi baserrikoa, eta bideo batean horrelaxe kontatzen du:

  • Hor josaba bat naukan, Ortizenian lana iten zuna aurrian, eta josabak, holaxe, atuna ta, bakizu, asko izate zan orduan gainea, ene…  

Motxaenea kale baserriko Teodoro Azkueren blogean topatu dugu beste adibide bat, Maestra Tuntuxa ta Mariano Altxerri kontakizunean:

  • Maestra horrek gerriyan gerrikua ibiltze zun, eta gero eskubiyan gerritik bera larruzko tira bat, ta harekin jo ite zun, pasaran esanaz “Hire josaba gorriya!”, ta zarta! bere larruzko tira horrekin jotze zitun begi txarrez ikuste zitun ume bat o beste.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide