Zumaiako hitz bereziak: MALLA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2023ko eka. 23a, 09:12

Juan Ramon Larrañagak mallako sare zahar bat erakutsi digu, etxekoa, hondoratzen laguntzeko Bixente Gomez Tximo-k egindako berunak dauzkana. (Argazkia: Xabier Azkue)

Zumaian ehunka auto “mailatu” zaizkigun aste honetan, antzeko hitz bat ekarri dugu ikasturtea amaitzeko, arrantzarekin lotutakoa. Irailean ekingo diogu berriz ere zerrenda hau elikatzeari, eta proposamenak edo oharrak egiteko, idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Sarearen begiari zaio Zumaian eta beste herri askotan “malla”, hau da, hariak korapilatuta egindako laukitxo horietako bakoitzari. Gaztelaniaz ere “malla” deitzen zaio eta euskarazko hiztegietan “maila” idazten dute. Ondarru berbetan egitasmoan azalpentxo hau jasota dago:

  • MÁLLI: Baxurako arrantzarako eta arrastekorako beti ezagutu izan ditugu maila desberdinetako sareak. Baxurako arrantza egiteko, hots, azaleko arraina harrapatzeko (antxoa, sardina, txitxarroa, berdela...) sare-maila txikia, eta hondoko arraina (arrasteko arrantzarako) harrapatzeko oso bestelakoa, hots, handiagoa, zabalagoa.

Bermeon aditz modura ere erabiltzen dute MÁLLA: Antxogie eitxen da málle. Zumaian “mallatu” esan izan zaio horri, antxoa sarearen begian katigatuta geratzeari. Horregatik deitzen zaio “mallako sarea” sare mota horri, eta “mallan” aritzea sare horiekin arrantzatzeari. Juan Ramon Larrañagak azaldutakoaren arabera, 11ko malla erabili ohi zen antxoak hartzeko, eta 13koa sardinetarako. Kortxoen laguntzarekin, urazalean luzatzen ziren sareak, bata bestearekin lotuta, eta behera 4-5 metroko hesi moduko bat egiten zuten itsasoan, berun zatiei esker. Antxoa zulo horietatik pasatzen hasi eta bertan katigatuta geratzen zen, baldin eta oso txikia ez bazen, behintzat. Orain inguratuta harrapatzen dute antxoa, malla askoz txikiagoarekin, barruan hartuta.

Belen Golmaioren ekimenez 1990ean egindako mahai inguru batean topatu ditugu adibide hauek:

  • ITZIAR TREKU: “Asko atealtzue?”, baserritarrak hurreatze zianian txahala ekartzea edo zeara, esto mataeira etortze zianian, “asko ateatzealtzue?” eta “Bai, gizona, bota pañuelua” ta “dra!” atea ta pañueloka antxoa. Malla asko ibiltze zan ba, ta lau enbarkazidxo nola zian…
  • IRENE AZKUE: Dana mallan orduan, dana Zumadxan mallan.
  • ITZIAR TREKU: Mallan da, mallan estreñeko ite zuen behian hemen ni señalian, jata buruakin da toleta jota gelditu, mallan ikusteatik, gaztia nitxala, eta mallan ateatzen tzuen arradxa ta herritik jende asko juten tzan zeara, despeska, goizeko ordu bitan torri ziala ta andar jendia,  ondo akordatzen naix. Mollan gaiñea ateatze zuen arradxa. Terral bat bai, hotza ta terrala ta…

Sareetan antxoa “mallatuta” etortzen zela jakinda, hobeto ulertzen da zer zen despeska. Horren inguruko azalpenak eman zizkiguten Arritokieta Manterolak eta Adora Osak ahotsak.eus egitasmoaren webgunean. Gune horretan bertan bada beste lekukotza bat, getariar batena, mallako antxoaren zilarrezko distira aipatzen duena, eta 1912ko Euskal Esnalea aldizkarian beste esaldi hau ere agertzen da:

  • Zarauztar asko poztu eta bildu ziran elkartasunean asitzeko uda berriko arrantza onetan, ardorako ta mallako sareekin, ta urtetik urtera iristen dituzte irabazi andiak.

Akelino Osak eta Jexux Gorostolak ere ahotsak.eus webgunean azalpen politak eman zizkiguten malla eta despeska kontuei buruz; esaterako, mallan geratzen ziren antxoa buruak jaso eta apasta egiteko erabiltzen zituztela.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide