Marrazoaren antzeko arrain bati esaten zaion Zumaian eta beste herri askotan “tolla”, Hiztegietan “toil” agertzen da, amaierako -a hori gabe. Bermeon ea Ondarroan “tolle” esaten dioten, eta gaztelaniaz “musola” edo “cazón”. Esapide berezi bat ere badago, “Toilarenak eman/hartu” (Anjel Lertxundik "toiloarena jo" ere aipatua du), eta Ondarru berbetan egitasmoan Augustin Zubikaraik horrela azaltzen du:
- Tolla arrantzatzen zanean, molla gañera atara eta jo egiten eben biguntzeko. Tolla, ontziratzean, jo egin bear izaten da ilteko, bein baiño geiagotan jo be. Origaitik, Kristonak artu edo Kristonak emon, esaten dan lez, arrantzaleek, tollanak artu edo tollanak emon, esaten dakie.
Zumaian zubiatar batzuei esaten zaie “Tollanekoak”, eta garai batean toila asko arrantzatzen zen hemen inguruan. Jexux Gorostolak eta Akelino Osak ahotsak.eus guneko bideo honetan azaltzen dutenez, arrautzak errutera itsasertzera inguratzen ziren toilak Algorriko harraldera, eta Pikoteko edo inguruko baserritarrek ikusten zituztenean, Zumaiako arrantza ontzietako jabeei pasatzen zioten abisua. Arrantzan gehiena aritzen zirenak 3 hauek ziren: Pordillos, Bixente Tximo eta Joxe Tximin; Patxiku Bixi ere bai, baina gutxiago. Ordainetan toila batzuk ematen zizkioten abisu emaileari. Akelinok eta Jexuxen ustea zen horregatik galdu zirela toilak hemen:
- Tolla gehiena hortxe galduko zien. Orduan sare onak eta hasi hitxuan, ta igual harrapatze zian batek, bate esajeratu gabe, igual 50 edo 60, ta eoten hituan ume txiki-txikiak ya, tripak eta garbitzen zuenian ur gainian da, arrautzak eta ya… Krimena, krimena hutsa. Molla ekarri, tripak ireki eta dana arrautza; baina arrautz pillua! Ze krimen, eee!
Antzeko azalpenak eman zituen Joxeba Garatek beste bideo honetan: sardetan etortzen zirela Andikarape aldera, toll-sarea izenekoarekin harrapatzen zituztela jeneralean eta berak bakarren bat kanaberarekin harrapatu zuela ere bai.