Arraia-gastaka (Raja clavata) ur gaziko arrain kartilaginosoari esaten diogu Zumaian eta inguruan “gastaika” edo “gaztaika”. Orion ere guk bezala deitzen diote, eta Jose Castilloren errezeta batean ere gastaika gaztelaniazko “raya” dela jartzen du. Bermeo aldean “arraidxe” esaten diote gastaikari, eta Ondarroan “arraxi” (arraia handiagoei “tramana” esaten diete). R.M. Azkueren hiztegiak, berriz, “gaztaika” ostarrena (erizo de mar) dela dio, eta gastronomiari buruzko hiztegi batek ere bai; gaztainaren oskol edo lakatzaren antza duelako izango du batzuentzat izen hori.
Manuel Aizpuruak 1960ko hamarkadan egindako lan bat Zumaiako arrantza kontuak azaldu zituen, eta orduan harrapatzen ziren arrainak zerrendatu zituen:
- En primavera y verano se pesca también las especies siguientes: tollak, kardak, momarrak, kolaioak, mielkak, katu-arraiak, gaztaikak, baztangak, arrangorriak.
2015eko arrantza lehiaketari buruzko albiste batean topatu dugu beste adibide bat, baleike.eus webgunean:
- Piezarik handiena Intxaurra elkarteko Julen Segui Tellok harrapatu du, 1,6 kiloko gastaika.
Getarian ere erabiltzen dute, eta horren froga aspaldiko agiri batean topatu dugu, 1936an Eguzki ezizeneko berriemaile batek El Día egunkarira bidalitako kronika batean:
- Barbariñak gorri-gorri izango dira ugari arri ortx guzietan, eta zapo, gastaika, traman, neskazar, eta ‘txipiroiak’ ere asko eta asko.