Argala edo gorputzez eskasa izanik, zerbait berezia jantzi eta dotore agertzen den pertsonari esaten diegu “txotxapaindu” Zumaian eta inguruan. Hiztegien arabera, euskaraz “pinpirin” edo “pertxenta” izan daitezke parekoak, eta gaztelaniaz “presumido/a”, “peripuesto/a” edo “coqueto/a”. Ainhoa Romanellik kontatu digu Basusta baserriko amonak erakutsiko ziola hitz hori, Zeledonia Osak; txikitan argala zela, eta soinekoren bat edo beste zerbait jantzi eta apain agertzen zenean, honela esaten omen zion: “Hamen den gure txotxapaindua!”. Hau da, gauza hutsa izanik ere, jantzi bereziren batekin beste presentzia bat hartzen duenari esaten zaio.
Txomin Agirrek ere erabili zuen Kresala liburua, irain edo izenondo zerrendatxo honetan:
- …txankame, txotxapaindu, buztanikara, diruzale, andinaiko, koipelustre, ekin beti ta eragin mingain zorrotzari.
Agustin Anabitarte idazle donostiarren idazlanetan ere agertzen da:
- Ikusi orduko destaña ta iseka egingo zioten, «xanko maxkal» areri, «txotx-apaindu» ura.
Hala ere, aste honetako hitzaren lehen arrastoa San Jose kalean dagoen TXOTXAPAINDU izeneko etxeak eman zigun. Errotakoa ere deitzen zaio, eta Ardantza inguruko lursail bat ere “Txotxapaindunekoa” omen da. Zumaiako artxiboan bi erreferentzia hauek topatu ditugu:
- (1889) Con el fin de evitar cuestiones entre los jugadores de la pelota y el propietario de la casa Chos-apaindu que se halla tras el frontón de dicho juego acuerdan poner alambrada a todas las ventanas de la referida casa a cuenta de este municipio.
- (1928) …por Oeste, con la casa denominada "Txotxapaindu", señalada con el número once de la misma calle, propiedad de don Antonio Egaña y un camino-subida a la calle Odieta.
Aizarnan ere bada oso antzeko izena duen baserri bat, Akoarako bidean, Mizpirazelaieta parajean: TXOTXAPAINDO. Hango batek kontatu digunez, han bizi zen familia bateko gizona oso argala zen, eta apain-apain jantzita joatea gustatzen zitzaiolako jarri omen zioten ezizen hori.
Lizardik EUSKERA AUNDIKI-SOÑEKOZ liburuan erabili zuen, baina zotz edo txotx dotore baten esanahiarekin, “batuta” adierazteko:
- …izkuntza baten elerti-pizkundea «orkesta» bat bezela, txotx apain baten bidez, zuzendu liteke.
Ramon Artola bertsolariak ere makila dotore batzuei deitzeko erabili zuen, toreroek jartzen dituzten “banderilla” horiei, zezen baten paperean idatzitako bertso batzuetan:
- Zanko-me batek ere / nai dit zerbait egin,
- zer ote dakar orrek / nigana berekin?
- Arrimatzen ari zait / zotz apain birekin,
- sast!, oi!, itsatsi dizkit, / or dauzkat nerekin!
Beste bertso bateko adibidea ere badaukagu, oraingo hau zumaiar batena. Manuel Olaizola Sarriak Euskal senaren mintzoa liburuan “Zumaia’ko kontu zarrak” bertso sortako ale bat da hau:
- Patxito eta bere lagunak / beste kuadrilla bikaña!
- Txotxak apaintzen ta eonian / iaiuak bai, alajaña!
- Atoajian izaten zuten / noizean beingo ordaña,
- Fausto ta Justo’nean lagia / ardotan, baña ez nai aña.
Lagun talde hori kutxillo banarekin adartxoei azala eta koskak kentzen imajina dezakegu, musikako batutak bezain apain lagatzeko. Izan ere, gauzak prestatu eta lantzeari ere esaten zaio "apaintzea" (larrua…), eta Hondarribian “antxoak apaintzea” erabiltzen dute buruak eta tripak kentzea adierazteko.