Hotz handia egiten duenean zuhaitzetan, belarretan eta landareetan eratzen den izotz geruza mehe eta zuriari esaten diogu “antziarra” Zumaian eta inguruan. Hiztegi orokorretan “antzigar” agertzen da, eta antzeko era batzuk ere badaude: antxiar, intziar, aintziar… Gaztelaniaz “escarcha” edo “cencellada” deitzen zaio. Zestoarren erretolika liburuan esaten denez, ihintz izoztua da, aleak gutxi-asko tarteko airez bananduta dituena, eta sarritan kristalezko adarrez hornitua egoten da. Sinonimotzat erabiltzen dute “lantzurde”, Bergaran ere berdin. eta antzeko beste izen hauek jasota daude Orotariko Euskal Hiztegian: lanxurda, lantxurde, zurda… Lehen gure artean ere erabiltzen zen seinale, Resurrección Maria Azkueren hiztegian “antzurdi” agertzen da, Zumaian jasota, eta “carámbano de hielo” dela zehazten du.
Brigida Ibarbia oikiarrak kontatu digu beraiek batez ere zuhaitzetan sortzen den izotz berezi horri deitu izan diotela “antziarra”.