Zumaiako hitz bereziak: SUN

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2024ko urt. 19a, 09:00

Haziak ondo banatzeko ipini ohi dira sunak. (Argazkia: Denia.com)

Nekazaritzan bezala eraikuntzan erabiltzen den hitz bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Soroan edo baratzean haziak zuzen ereiteko egiten den arrasto edo seinaleari deitzen diogu “suna” Zumaian eta inguruan. Hiztegi orokorretan “zuin” agertzen da, eta antzeko era batzuk ere badaude: zun, zumin, zuñi, zubin, zunatz… Ilaraka jarri ohi dira adaxkak, belarrak, paperak edo beste seinale batzuk. Brigida Ibarbiak kontatu digunez, “arbi hostroak” erabiltzen zituzten horretarako Oikian, eta batzuetan arto orriak ere bai. Zestoarren erretolika liburuan azaltzen denez, bereziki hazi txikia bada (gari edo belar hazia, esaterako) noraino bota den edo ez jakiteko marka edo seinalea da; helburua da ondo zabaltzea eta hazirik gabeko soilgunerik ez egotea: Belar-haziya botatzeko sunak ipintze genittun.

Txilikuk bere Antigoaleko hiztegian erabilera polit bat ere proposatzen du. Gai batez ari garela gai horri lotu ordez beste norabait jotzen dugunean “zuinetik kanpo ereiten ari haiz!” esan ohi da, hau da, ez dagokizun zerbaitekin zabiltza kalakan. Ondo letorke erdarazko mear fuera de tiesto esamoldea ordezkatzeko.

Bestetik, hirigintza arloan asko erabiltzen da ZUINKETA, gaztelaniaz “replanteo”, eta horrela definituta dago: “Paperean egindako proiektu baten planoa lurzoruaren gainean markatzea eta trazatzea”. Horra nekazaritzak beste eremu baterako emandako hitzen adibide polita.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide