Barrikak eta antzeko ontzi biribilak estutzeko erabiltzen ziren zurezko uztai landuei deitzen diegu “allarak” edo “aillarak” Zumaian. Alde bakarretik landutakoak izaten dira; bi aldetik lantzen direnak “zumitzak” dira. Geroago burdinazko uztaiak erabiltzen hasi ziren lan horietarako: edariak gordetzeko kupeletarako, sardinzarren ontzietarako… Antzeko beste era batzuk ere badaude: ailara (hauxe da hiztegietan ageri den forma), aillaga, ailada, aillera, aillere… Arratia eskualdean “allarra” ere esaten dute. Horrelako uztaiei deitzeko “zirtzilu” ere erabili izan da; gaztelaniaz “zarcillo” da .
Patziku Perurena idazleak bultzatuta, bada ikerketatxo bat ailarak, sardinzarrak eta txakolina elkartzen dituena, webgune honetan bertan 2018an argitaratutakoa. Izan ere, Zumaian izan zen etxe bat XVIII. mendearen amaieran ailarekin lotutakoa, 1773ko agiri batean aipatzen delako «Hallaragillenecoa», eta 1775eko beste batean «Allaraguilenea».
Era berean, Getariako Akerregiberri baserrian errentan egon zen familia batekoei jendeak «Allaillekoak» esaten zieten, haien aurreko Migel Aizpuruak barriken uztaiak egiten zituelako. Horregatik jarri zioten haren birbilobek txakolin mota bati «Aialle» izena; etiketaren irudian bertan ikusten dira uztai edo ailarak.