Astoari edo zaldiari bi aldeetan karga eramateko gainean jartzen zaion zurezko egiturari esaten zaio “kartola” Zumaian eta inguruan. Zarautz hizketan liburuko hiztegian jasota dago, eta zehazten du gauzak edo pertsonak eramateko balio dutela. Zestoarren erretolika liburuak “asto-kartolak” eta “gurdi-kartolak” bereizten ditu, eta bigarren horiek horrela definitzen ditu: Zama ez erortzeko edo hobeto eramateko gurdiari alboetan edo zeharka ezartzen zitzaizkion oholak. Brigida Ibarbia oikiarrak kontatu digu bigarren horiei “kajolak” esaten zietela, eta zestoarren hiztegian agertzen da hitz hori ere. Gaur egungo kamioi irekiek alboetan izaten dituzten ohol moduko horiei ere deitzen zaie “kartola”.
Saltsa handi samarra dago izen hauen inguruan, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa osatzeko herriz herri izenak biltzeko orduan nahasi egin direlako eserlekuak (silla), otarrak (sesto, otzara, banasta, zare, xixtro) eta bestelako egiturak (kartola, kakola, kako).
Azpeiti eta Errezil alde horretan “kartola” pieza txikiago batzuei deitzen diete: zaldiei eta astoei aurrera bakarrik begira dezaten alboetan jartzen zaizkien horiei; beste herri batzuetan “kabezera” edo “kabestru” (kaprestu, krastu) esaten zaie buru aldeko uhal horiei. Metaforikoki ere erabiltzen da, ondora begiratu gabe aurrera doanari deitzeko, eta Baleike aldizkariaren 202. zenbakian ere topatu dugu adibide bat, Telmo Deun traineruaz ari zela 2011ko irailean idatzitakoa:
- Beroketa bukatu ondorengo tartean zer nola egin behar duten ari dira erabakitzen. “Luzaketa ariketak-eta bukatzean, berriz ere hona zatoztenean, jarri kartolak eta gu gurera”, esan die entrenatzaileak.