Zumaiako hitz bereziak: IXUR

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2024ko mar. 1a, 08:26

Gerrialdeko oihal zimurtu horretan ikus daitezken ixurrak, beheko toles edo pliegeen gainean (Argazkia: Shein.com).

Maria Antoniak esandako hitz bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Soineko, gona eta antzekoen oihaletan hariz egiten diren toles txikiei esaten zaie “ixurrak” Zumaian eta beste herri batzuetan. Hiztegietan “izur” da ohiko forma, eta gaztelaniaz “frunce” esaten da gehienbat. Zestoarren erretolika liburuan “fruntziak” ere erabiltzen dela jasota dago, eta adibide hau jartzen du:  Soiñeko urdin, ilun ta ixur eo pliege handiduna. Bergaran eta Arratia aldean ere erabiltzen dute, zenbaitetan azaleko zimurrei eta beste tolestura batzuei deitzeko ere bai.

Maria Antonia Goikoetxeak kontatu digu gona eta antzekoekin asko erabiltzen dela, esate baterako baserritarren arropak egiteko. Toles txiki batzuk egin, orratzarekin haria pasatu eta gero tiratzean, bildu egiten da oihala, eta horrekin bolumena eta mugimendua ematen zaio arropari.  

Aditza ere sortua du hitz honek, eta Maria Antoniak “gonak eo ixurritu bihar dianian” esan digu, adibidez. Euskararen Herri Hizkeren Atlasean jasotakoaren arabera, arropari tolestura berezi hori emateari era askotara esaten zaio: izurtu, ixurtu, fruntzitu, plegatu, plisatu…

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide