Zumaiako hitz bereziak: TOLOSTATU

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2024ko mar. 8a, 08:15

Arte bat da arropa ondo tolostatzea (Argazkia: Pxhere.com).

Aste honetan ere Maria Antoniak esandako hitz bat ekarri dugu. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Gauza malgu baten bi zati bata bestearen gainean txukun-txukun doblatzeari esaten diogu “tolostatu” Zumaian eta inguruan. Hiztegietan “tolestu” da formarik ezagunena, eta askotan arropekin eta izarekin erabiltzen da. Bergara aldean “tolostu” edo “tolostau” esaten dute, eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasean antzeko aditz erabilienak hauek dira: plegatu, doblatu, batu eta bildu. Zestoarren erretolika liburuan “tolosturan” ere jasota dago, eta adibide hau ematen du: Harriyak eo jarri geo haren kontra ta geo txondorra, bueltan-bueltan egurrakin, tolosturan-tolosturan-tolosturan dana.

Brigida Ibarbia oikiarrak ere aipatzen du hitz hori, ahotsak.eus guneko elkarrizketa batean:

  • Dana jaulki iten zan, bakizu, libratu iten zan,  zeatu, jaulki. Txanketa esaten giñun. (…) Harri losa, han jo, ondo libratu arte jotzen zan. Ta gero gariyan zea, lastaikua esaten giñun, lastaikua, hua hartu ta tolosturan, sapaira.

Jexux Iruretagoiena Baxakarte ere aritu zen garia lantzen Artadi inguruan, eta hala kontatu zion Abelin Linazisorori Baleike aldizkariaren 150. zenbakian:

  • Gero lasto hura jaso ein behar izaten huan, eta lastaikoa luzia bazan, ba, hura sapaian tolostatu ein behar izaten huan. Bat edo bi hantxe sapaian tolostatzen, beste bi haiei lastaikoa eskura ematen, beste batzuk kanpotik sapai barrura sartzen, besteak gari aliak jasotzen… Auzolanian. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide