Etzi edo bi egun barru esateko erabiltzen dugu “biharko pasata” Zumaian eta inguruan; hau da, “biharko eguna pasatuta”. Euskararen Herri Hizkeren Atlasean jasotakoaren arabera, Gipuzkoako kostaldean ohikoa da (Beasain inguruan ere bai), eta Bizkaian ere erabiltzen da: Ondarroan, Bermeon, Mungian…
Duela egun batzuetako elkarrizketa da hau:
- Noiz iritsiko da liburua?
- Biharko pasata.
Iñaki Gurrutxaga oriotarrak horrelaxe idatzi zuen X sare sozialean:
- Hemen ume-hizkeran "etzi" eta "herenegun" hitzen ordezko "biharko pasata" eta "atzoko pasata" erabiltzen dira. Lehen bi hitzak, normalean, behin heldu bihurtuta hasten dira erabiltzen.
Zumaian ere erabiltzen da “atzoko pasata”, eta Bermeon ere bai, EHHA atlasean ikusi dugunez.