Sternidoen espezieko itsas txoriei esaten diegu “txirriñak” Zumaian eta kostako beste herri batzuetan. Hiztegietan “txenada” izendatzen dira, eta nahaste handia dago izenekin, “enara” izenaren aldaera fonetiko bat delako “txenada” (Zumaian “txana” deitzen diegu). Asier Sarasua biologoak azaldu digunez, Euskal Herrian 12 sternido espezie daude, eta horiek izendatzeko tradiziozko izenak bi izan dira gehienbat: TXIRRIN(N) Mutriku, Lekeitio eta Bermeo alderaino, eta TTIRRITTARRATTA Hondarribia eta Donibane Lohizune inguruan.
Maria Antonia Goikoetxeak kontatu digu Zumaian TXIRRIN esaten zaion txori horri asturiarrek CHARRÁN deitzen diotela, horixe du gaztelaniazko izen arrunta.
Julian Aldaz ornitologo zumaiarrak ekaitz-txori txikia izendatzeko ere erabili zuen TXIRRIN izena 1918ko katalogoan. Asier Sarasuak esan digu hegaztietan oso ohikoak direla polisemiak eta sinonimiak; hau da, herri batean txori batek 3 izen ditzakeela, eta TXIRTA bezalako izen bat erabil daitekeela 3-4 espezierentzat. Horixe gertatzen da aste honetako izenarekin; sorbeltzak izendatzeko ere erabiltzen da TXIRRIN (eta txirri, txirrio, txirrin-txori…), azken batean izen onomatopeikoa delako, sorbeltzak eta txenadak, biek egiten dutelako “txrrrrriiii”.