Amuz osatutako arrantzarako tresnari apaejoa (ahoz apaejua) esaten diogu Zumaian eta inguruko herri batzuetan. Gaztelaniazko aparejo-tik dator, eta hiztegi orokorretan euskaraz aparailu izendatzen da gehienbat, Lapurdiko itsasertzean erabilitako “apailu” oinarritzat hartuta; hala ere, Euskaltzaindiaren Hiztegiak "apareju" ere ontzat ematen du. Bermeon apaidxo esaten zaio, eta Ondarroan apaxu edo apaxo: "Lena gixon bakotxak apaxo bat eukitxen ban eta batek iual bi; Gixon zar askok, negun apaxuk prepaaten emoteben denpori". Euskararen Herri Hizkeren Atlasean ikusten denez, Gipuzkoan J hizkidun formak dira nagusi, gaztelaniazko jamón bezala ahoskatzen direnak.
Baleike aldizkariaren 196. zenbakian Juan Ramon Larrañagak 2011n Motxo ontziaren istripuari buruz emandako azalpena da hau:
- Oso bazterretik sartuko ziren konturatu gabe, ur mehetik, eta hondoa jo zuten. Besterik ez. Hor ez dago aparejoa botatzerik. Nahi eta ere, ezin.
Jexux Gorostolak eta Akelino Osak ahotsak.eus egitasmoko bideo batean azaldu ziguten apaejuak nola egiten zituzten, zaldien zurdak (buztaneko ileak) erabilita. Behorrenek ez omen zuten balio, txizarekin erreta egoten zirelako.
Zarautz hizketan liburuan beste adiera ezagun bat ere jasota dago: hedaduraz, adjektibo bezala ere erabiltzen da, alproja, bihurri eta antzekoak adierazteko. Abelin Linazisorok ere zioen mutil edo neska bihurriari esaten zaiola apaejua. Orotariko Euskal Hiztegian bildutako adibideak dira hauek:
- Apajo ederra dek ori!
- Etzeguan apareju txarra! Beretzat zeramazkien ontz urriak.
- Zuri eta neri ttunttuna jua, / a ze nolako aparejua!
- Apajo aundi orrek! Orrelako erloju bat lepotik esegita eraman nai al-uke?