Kukubilko edo kokoriko jartzeari, orkatilen gainean esertzeari esaten diogu "kuxkultzea" Zumaian eta inguruan. Adiera zabalagoa ere badu, "kuzkurtu" eta "uzkurtu" aditzen parekoa (hotzarekin egiten dena, esaterako), gaztelaniaz "encoger(se)" edo "acoquinar(se)" esan nahi duena. Euskararen Herri Hizkeren Atlasean ikusten denez, Aian, Oñati eta Elgoibarren ere jasota dago "kuxkuldu", eta antzeko aditzak eta beste batzuk ere agertzen dira: makurtu, kizkurtu, (k)uzkurtu, kurtu, kunkurtu, kukutu, kukubildu, kukurumio pareu, kokorikatu, koropilatu, kurubilkatu, kakollatü, biibilkatü, kikilddu, batu(n)…
Brigida Ibarbia oikiarrak pilotariei begira erabili izan du askotan:
- Ni baino errexo kuxkultzen dira hoiek!
Maite Goñiren Gaurko hitza zerrendan agertzen da, eta Leo Perutz idazlearen Gauez harrizko zubiaren azpian liburuko adibide hau ematen du, J.M. Olaizola Txiliku-k eta Joxe Mari Berasategik euskaratuta:
- Gero, ziegaren txoko batean lurrean kuxkuldu zen, txakurra ikusteko moduan, hasia baitzen berriro marmarka.