Barazki batzuk oliotan biguntzeari edo goxo-goxo frijitzeari esaten diogu “perdigatzea” (ahoz “perdiatzia”) Zumaian eta beste herri batzuetan. Euskaraz “sueztitu” ere erabiltzen da, eta gaztelaniaz “rehogar" edo “pochar”. Maria Antonia Goikoetxeak azaldu digu jaki batzuk prestatzeko aurrelanekin lotutakoa dela, eta horixe aipatzen du Txiliku idazle zarauztarrak bere Antigoaleko Hiztegian ere:
- Jakiak perdigatzea arinki erretzea da; esate baterako, hegaluzea frijitu aurretik tipula, piperrak eta baratxuria oliotan arinki erretzea.
Hondarribian ere erabiltzen da adiera horrekin, Ketxus Ponceren Hondarbiko Hitzak proiektuan ikusi dugunez; han “pertxegatu” ere esaten dute, eta janaria egiterakoan potxatu, sueztitu edo goxatzea dela zehaztu du. Hemen bi adibide:
- Karakolak ondo atetzekotz mixi tipula ondo perdigatu behar da.
- Marmitakua ittekotz: lemixi tipula, batxuria ta piper txorizerua... ondo perdigatu, gero gerokuak...
Gaztelaniaz ere badago “perdigar” aditza, haragia gorritzea edo gainetik erretzea esan nahi du, eta euskaraz ere badu adiera hori toki batzuetan; esaterako, Txiliku-k dio prestatzen ari garen jaki hori haragia bada, gisatu aurretik su bizitan ematen zaion errealdi arinari ere perdigatzea deitzen zaiola. Antigoaleko Hiztegi horretan bertan jasota dago “perdigoa” ere: barazki edo eltzeko bati gainetik botatzen zaion gozagarria, gehienetan oliotan perdigatutako baratxuria. Antzekoa ematen du Azkoittiko Euskerie liburuko “perdiga(z)ixue” hitzak ere: olio erretan tipula botatzea.
Bitxikeria bat amaitzeko, Juan Garmendia Larrañagaren Hiztegi Etnografikotik hartutako sendabidea:
- TRIPAKO MINA KENTZEKO. Zartaginean olioa berotzen jarri eta atzaparkada edo eskutada bat mantzanila olio hartara bota eta perdigatu. Gero, olio-mantzanila hori zapi batean zabaldu eta zilbor gainean fajatua jarri. Hoztutakoan kendu.