Oiloei eta txerriei jaten emateko egiten den oreari esaten diogu “zaperoa” (ahoz “zaperua”) Zumaian eta inguruan; zahiarekin eta arto-irinarekin egin ohi da, baina batzuetan patata azalak edo antzekoak ere nahasten zaizkio. Sinonimoak dira “zuku” eta “ozale” hitzak. Zestoan eta Zarautzen jasoa dute “zapero” hiztegietan, eta ahotsak.eus webgunean ikusi dugu adibide gehienak Deba ibarrekoak direla: Eskoriatza, Mendaro, Oñati, Antzuola… Eibarren eta Bergaran ere erabiltzen dute, eta Goierri aldean ere bai; Gabiriako Igeribar baserriko hiztegi honetan ere agertzen da.
Brigida Ibarbia oikiarrak kontatu digunez, errotatik artoa ehota ekartzen zutenean, bahean pasatzen zuten, zahia bereizi eta arto-irin finagoa edukitzeko. Zahi hori oiloentzat erabiltzen zuten gero, zaperoan emanda.
Txiliku idazle zarauztarrak bere hiztegian dioenez, zenbait jakiri (izan daiteke arraina, okela, egositako jakia…) hala esan ohi zaio duten testura melaxka dela eta: Zaperoa ematen du! Bergarakoa da beste adibide hau: Saperua emoten zeban etara zoskuen legatzak.
Adjektibo gisa ere erabil daiteke “zapero”, irain hitz kutsuarekin (baldar, basto, heziketarik gabekoa…): Hori duk zaperoa!
Badihardugu elkarteak bultzatutako gazte gara gazte egitasmoan beste adiera polit bat proposatu dute: aho zaperua euki. Parranda egin eta biharamunean aho latza edo lehorra eduki.